Politika -
Diputatuen Kongresua
Trebiñu Euskadi izatearen aurka egiteko bat egin dute PPk eta PSOEk
Lege-proposamena “Konstituzioaren kontrakoa” dela argudiatu dute Arturo Garcia-Tizonek (PP) eta Luis Tudancak (PSOE), Gaztela eta Leonen Estatutua urratuko lukeelako.
Erredakzioa
Trebiñu Araba izatea eskatzeko Eusko Legebiltzarrak aurkeztutako lege-proposamena atzera bota du gaur Diputatuen Kongresuak PPren eta PSOEren botoekin.
Horrela, ekimena bertan behera utzi du Ganberak. Lege-proposamena Trebiñuko eta Argantzuneko udalerriek bultzatu zuten.
Horrela, Trebiñuk Gaztela eta Leonen parte izaten jarraituko du. Konderria 1160an sortu zuten eta 2.000 biztanle ditu. 222 kilometro karratu ditu lurraldeak, eta Gasteiztik 17 kilometrora eta Burgosetik 100 kilometrora dago.
Eusko Legebiltzarrak otsailean onartu zuen ekimena, EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren aldeko botoekin. Kongresua irailean eztabaidatzeko zorian izan zen, baina atzeratu egin zuten, Gasteizko Ganberak eskatuta.
Lege-proposamena “Konstituzioaren kontrakoa” dela argudiatu dute Arturo Garcia-Tizonek (PP) eta Luis Tudancak (PSOE), Gaztela eta Leonen Estatutua urratuko lukeelako.
Legebiltzarreko ordezkaritza
Euskadi eta Gaztela eta Leonen mugak aldatzea defendatu dute lege-proposamenaren bultzatzaileek. Trebiñuko eta Argantzuneko bizilagunen borondateari “irtenbide politiko” bat ematea eskatu du Eusko Legebiltzarreko ordezkaritzak.
Xabier Agirre EAJko legebiltzarkidearen hitzetan, “gehiengoaren nahia da”. “Errealitatea egoskorra da”, adierazi du Agirrek, Trebiñuko bizilagunak ikastolara, medikura, erosketak egitera edo zinemara Arabara joaten direlako.
Lurralde bat “borondatez kontra” espazio politiko eta administratibo batean mantentzeak “erdi aroko lehen gaueko eskubidearekin” zerikusi handiagoa du, XXI. mendearekin baino, Belen Arrondo EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi duenez.
“Kontuzko” gaia dela onartu du Txarli Prieto PSE-EEko legebiltzarkideak, baina Eusko Legebiltzarraren proposamena bideragarria eta logikoa dela erantsi du. “Ia normala dena, legezko egin nahi du”, adierazi du Prietok, integrazioa “gertatzen ari delako, zailtasunekin eta amarruekin, baina zuzenbiderik gabe”.
Kongresuan gehiengoa duten taldeek eztabaida “tramite bat bezala” hartzea aurpegiratu die Aitor Esteban EAJko bozeramaileak. Jarrera horrekin Trebiñuko biztanleei legea errespetatzea eskatzeko garaian zail izango dutela gaineratu du.
Era berean, Amaiurrek eta CiUk lege-proposamenari babesa eman diote. Trebiñuko bizilagunek erabakitzeko erreferenduma egitea eskatu dute.
Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea gonbidatuen tribunan izan da, baita Ignacio Portilla Trebiñuko alkatea eta Roberto Ortiz Argantzuneko alkatea ere. Trebiñuko dozenaka herritar Kongresuan izan dira.
Nahiz eta ekimenak aurrera ez egin, “herritarrek hitza hartzeko eta Araba izateko lanean eta laguntzen jarraituko dugu, borrokan jarraituko dugu”, ziurtatu du gaur Tejeriak.
PPk eta PSOEk “entzungor” egin dute
PPk eta PSOEk Trebiñuk eta Argantzunek eskatutakoari “entzungor” egin diotela kritikatu dute alkateek. Horregatik, desengainua hartu dutela onartu dute.
Kongresuak “aldeetako bati”, Gaztela eta Leoni, jaramon egitea deitoratu du Trebiñuko alkateak; izan ere, beste biak, Eusko Legebiltzarra eta udalerriak alde batera utzi ditu.
Kongresuan gehiengoa duten taldeek herritarrak ahaztu dituzte erabaki bat hartzeko garaian, Argantzuneko alkateak kritikatu duenez.