Politika -

Auzitegi Nazionalari

Preso gaixoak eta 70 urtetik gorakoak, eskaera egiten lehenak

Fiskaltzak zer egingo duenaren zain daude abokatuak. Estatuan kexa horiek guztiak “bide judizialetik” aztertu ahal izatea espero dute, baina, hala ez bada gertatzen, prest daude Europara jotzeko.

50 preso gerturatzeko eskatzen hasi dira

1:51

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Goioaga ETAko presoen abokatuak Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzako auzitegiari legea betetzeko eta sakabanaketarekin amaitzeko eskatu dio, 50 presok jarritako “banakako kexak” aintzat hartuz.

Espetxe zaintzako epailearengana jotzen lehenak, gaixorik larri dauden sei preso izango dira. 70 urtetik gorakoak ere lehen talde horretan daude, baita 20 urtetik gora espetxean daramaten beste 30 preso ere.

Fiskaltzak zer egingo duenaren zain daude abokatuak. Espainiar Estatuan kexa horiek guztiak “bide judizialetik” aztertu ahal izatea espero dute, baina, hala ez bada gertatzen, Europako Giza Eskubideen Auzitegira jotzeko prest daude.

Iñaki Goioagak agerraldia egin du Bilbon, beste zenbait abokaturekin batera. Europara jo behar izatea ez du espero Goioagak: “Tristea litzateke Estatu espainiarreko mekanismoa nazioartetik datozen bultzadekin bakarrik funtzionatzeak”.

Abokatuaren arabera, “orain ikusi ahal izango da Espainian botere banaketarik dagoen ala ez”.

Espetxe Zaintza Zentraleko Jose Luis de Castro epailea izango da presoei ezarritako zigorra betetzen dela egiaztatu behar duena eta, era berean, preso dauden pertsonen oinarrizko eskubideak ere betetzen direla bermatu behar duena, Goioagaren hitzetan.

Abokatuek zehaztu dute “legedia betetzea” eskatuko dutela eta ez direla espetxe onurarik eskatzen ari.

Abokatuak hasiak dira kexuak bidaltzen, banakakoak, larri gaixo dauden, 70 urtetik gorako eta espetxean 20 urte edo gehiago bete dutenak, lehen txanda honetan.

Aitzol Gogorza

Bestalde, Jaurlaritza Aitzor Gogorza ETAko presoen osasun egoera “gertutik” jarraitzen ari dela adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak. Horrez gain, preso horren espetxe egoera “hobetzeko” ahaleginak egiten ari direla zehaztu du agintariak.

Gogorza larri dago, buruko gaixotasun sendaezin baten ondorioz. Egunotan horren egoerak okerrera egin du.

Jaurlaritzak presoan egoera ezagutzen duela adierazi du Urkulluk kontrol saioan. Lanean hasi dira, lehendakariak esan duenez, Gogorzaren kasuari “irtenbide humanitarioak” eman ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak argazkiak Euskadi Ta Askatasuna albisteak