Politika -

Euskadi Irratiari elkarrizketa

Zabaleta: 'Barkamena eta damua ETAk adierazi behar du, ez presoek'

Zabaletak larunbatean utziko dio Aralarreko koordinatzaile nagusi izateari, alderdiak Iruñean egingo duen kongresuan.

Zabaleta: 'Damua ETAk erakunde bezala erakutsi behar du'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Presoak dauden bitartean ETAk ez duela bere egitura desegin behar adierazi du gaur Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak. Horrez gain, barkamena eta damua “ETAk antolakunde moduan” eskainiko beharko dituela uste du, "eta ez presoek banan-banan". Hala ere, presoek ere, “barkamena eskatzeko eskubide osoa” daukatela gehitu du.

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, ETA “arrazoi politikoengatik” sortu zutela azpimarratu du Patxi Zabaletak. “Horregatik, presoak dauden bitartean, jarraitu behar du”, gaineratu du.

Zabaletak larunbatean utziko dio Aralarreko koordinatzaile nagusi izateari, alderdiak Iruñean egingo duen kongresuan.

“ETA desagertu edo desegin behar dela esaten duten guztiek, edo ia guztiek, barkamena eskatu eta damua agertu behar duela diote. Baina, hori guztia, nork egin beharko luke? Damututa dagoen norbait? ETAn egondako batek, baina, militantziari uko egin ondoren, damututa dagoenak? Nik ezetz uste dut. Nire ustez, hori ETAk egin beharko luke, antolakunde moduan”, berretsi du.

Presoek ere barkamena eskatzeko “eskubide osoa” daukatela nabarmendu ondoren, modu horretan “euren erantzukizun propioa” besterik ez dutela adierazten azpimarratu du.

Bestalde, ideologikoki, Aralar “oso pozik” dago, bai Amaiur barruan eta baita EH Bilduren baitan ere, Patxi Zabaletaren hitzetan. “Gure helburuak bete egiten direla ikusten dugulako gaude pozik, baina azpiegitura berriak eta bateratuak sortzeko pausoak emateko ordua iritsi dela uste dut”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak albisteak ETA gaur