Politika -
EiTB
Maite Iturbe EiTBko zuzendariari babesa agertu dio Urkulluk
EiTBk Iturberekin "baliabide gutxiagorekin emaitza hobeak" lortzen ari dela azpimarratu du lehendakariak.
Erredakzioa
Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak Eusko Jaurlaritzaren babesa du, Iñigo Urkullu lehendakariak ostiral honetako kontrolerako saioan nabarmendu duenez. Izan ere, Urkulluren hitzetan, "baliabide gutxiagorekin emaitza hobeak" lortzen ari da EiTB Iturberen agintaldiarekin.
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak Iturberen jarraipenaren buruz egin dion galdera bati erantzunez egin ditu adierazpenok Urkulluk. Talde ez abertzaleek atzo eskatu zuten Iturberen dimisioa, baina Legebiltzarrak baztertu egin zuen.
EAJren eta Jaurlaritzaren babesa duela berretsi, eta haren "kudeaketa profesionalaren zorroztasuna" nabarmendu du lehendakariak. Baliabide gutxiagorekin, emaitza hobeak lortu ditu", erantsi du.
Horren lekuko, telebistak eta irratiak azken urtean izandako audientziak aipatu ditu Urkulluk. Azaldu duenez, ETBren audientzia % 12koa zen 2012an, eta 2014a % 13ren bueltan bukatuko du. Irratiari dagokionez, egunero 490.000 entzule zituen duela bi urte; aurtengo aurreikuspenen arabera, 500.000 entzuleak gaindituko dira.
"Baliabide ekonomiko gutxiagorekin lortzen ari dira emaitza horiek", azpimarratu du. Gogorarazi duenez, 2012an 139 milioikoa zen EiTBren aurrekontua, eta aurten, % 12 gutxiagorekin, langile kopuru berari eutsi dio (979 langile).
Urkulluren esanetan, EiTBk "telebistan, irratian, Interneten eta albistegietan audientzia datu hobeak lortuko ditu urte honetan, eta hori eskarmentuzko zuzendaritza profesional batek bakarrik lortu lezake. Hortaz, zuzendari nagusiak eta bere lantaldeak gure babesa merezi dute", berretsi du.