Politika -

Frankismoko krimenak

Ministro ohi frankistak atxilotzeko agindua blokeatu du Espainiak

Fiskaltzak eta Auzitegi Nazionalak ez dute ekingo, Argentinak estradizio eskaera formala egin arte. Hala ere, eskakizunari ezezkoa emango diotela aurreratu zuen asteazkenean Justizia ministroak.

Argentinako Justiziak eskatutako frankismoko ministro ohiak. Artxiboko irudia: EFE
Argentinako Justiziak eskatutako frankismoko ministro ohiak. Artxiboko irudia: EFE
Ministro ohi frankistak atxilotzeko agindua blokeatu du Espainiak

0:27

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Poliziaren komunikazio bat jaso du. Maria Servini Argentinako epaileak igorritako atxiloketa aginduak blokeatu ditu Interpolek, Espainiak eskatuta. 20 akusatu atxilotzeko agindua eman zuen Servinik, frankismoko krimenengatik, besteak beste, Rodolfo Martin Villa eta Jose Utrera Molina ministro ohiak.

Martin Villa Sindikatu Harremanetarako ministroa zenean, bost langile hil zituzten Gasteizen, 1976ko martxoan. Gertakarietan erantzukizuna leporatuta inputatu du epaileak ministro ohia. Argentinako magistratuaren aurrean deklaratzea eskatuko dutela ziurtatu du Villak. Ez dela “ezkutatuko” erantsi du ministro ohiak.

Javier Zaragozak zuzentzen duen Fiskaltzak erabakiaren berri izan du, atzo Interpolek 20 akusatuak atxilotzeko agindu eta gero.

Gauzak horrela, inputatuak bilatzeko eta atxilotzeko aginduak ez daude indarrean jadanik. Fiskaltzak eta Auzitegi Nazionalak ez dute ekingo, Argentinak estradizio eskaera formala egin arte, iturri juridikoek jakitera eman dutenez.

Estradizio eskaera

Orain Servinik duen aukera bakarra bide diplomatikoen bidez estradizioa eskatzea da, hau da, Justizia Ministerioari eskakizuna egitea, horrek Auzitegi Nazionalaren esku utz dezan.

Hala ere, 20 akusatuak estraditatzeko eskaera posible bati ezezkoa emango diotela aurreratu zuen asteazkenean Rafael Catala Justizia ministroak, 1977ko Amnistia Legea eta delituak iraungi direla argudiatuta.

EAJ: "Espainia ez da Serviniren agindua betetzen ari"

Izaskun Bilbao Barandika EAJko europarlamentariak ekimen bat aurkeztu du Bruselan. Horrela, Argentinako epailearen agindua betetzeko Europolek esku hartzea eskatu dute jeltzaleek.

“Espainia Serviniren agindua betetzen ari ez” dela goraipatu eta gero, “PPk hilketen ustezko arduradunak babesten jarraitzea onartezina” dela salatu du Bilbaok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Justizia Unibertsala bideoak Maria Servini argazkiak Gasteiz Gasteiz martxoak 3 Frankismoari buruzko albisteak Giza eskubideen urraketak frankismoan