Politika -
Hautagaiak
Nork hartuko du Barcinaren lekukoa?
2015ean UPNren zerrendaburu ez dela izango jakinarazi zuenetik, Jose Javier Esparza, Iñigo Alli, Oscar Arizkuren eta Juan Luis Sanchez dira kargu horretarako hitzetik hortzera dabiltzan izenak.
Erredakzioa
Astelehenean eman zuen ezustekoa Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak, 2015eko Foru Hauteskundeetara ez zela aurkeztuko iragarrita. Ordutik, izen-dantza handia da, baina UPNren Batzorde Politikoak azaroaren 29ra arte ez du jakinaraziko nork hartuko duen Barcinaren lekukoa.
Atzo egin zuen bilera, Barcina buru zela, Hautagaitzen Batzordeak (zerrendak osatzeko ardura duen taldeak), eta bertan, besteak beste, epeak erabaki zituzten: azaroaren 18an zabalduko dute hautagaitzak aurkezteko epea, azaroaren 24ra arte. Zazpi eguneko tartea izango dute, beraz, Nafarroako presidentetzarako hautagaitza aurkeztu nahi duten alderdikideek. Behin izen guztiak mahai gainean dituztenean, Hautagaitzen Batzordeak hautagai bat aukeratuko du, eta, ondoren, UPNren Batzorde Politikoak berretsi beharko du izen hori. Prozesu honen kontrako ahotsak, jada, hasi dira plazaratzen: parte-hartze zabalagoa eta primarioak eskatzen ditu alderdiaren barruko sektore batek.
Barcinaren lekukoa nork hartuko duen dabil orain denen ahotan. Hitzetik hortzera dabiltzan izenak ondorengoak dira: Jose Javier Esparza (Iruña, 1970): Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilaria. Datozen hauteskundeetan UPNren zerrendaburu izateko gehien entzuten den izenetako bat da. Gaiaren inguruan galdetuta, Esparzak berak esan du ez duela "kinieletara jokatu nahi", eta orain garrantzitsuena "hitz egitea eta hausnartzea" dela. Nafarroako Unibertsitatean Pedagogian lizentziaduna, Agoizko alkate izan zen 1999-2003 eta 2003-2007 legealdietan. Ondoren, 2007-2011 epean, Nafarroako Kirol Institutuko zuzendaria izan zen. 2012an Landa Garapen, Ingurumen eta Tokiko Administrazio kontseilari izendatu zuten, eta UPNko Batzorde Exekutiboko kideetako bat da 2013tik.
Oscar Arizkuren (Iruña, 1977): UPNko idazkari nagusia eta Batzorde Exekutiboko kidea. Nafarroako Unibertsitate Publikoan Zuzenbidean lizentziaduna, suhiltzailea da ogibidez. 2011ko hauteskundeetan Noaingo alkate aukeratu zuten. Lau urtez kargu horretan egon eta gero, UPNren IX. Kongresuan, 2013ko martxoan, alderdiko idazkari nagusi izendatu zuten.
Iñigo Alli (Iruña, 1973): Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiken kontseilaria. Biologia Zientzietan lizentziaduna, Morgan Stanley enpresan finantza-aholkulari izan ondoren, CAN Nafarroako Kutxara joan zen lanera. Finantza-erakunde horretan eman du bere ibilbide profesional ia guztia, 2012an Nafarroako Gobernuan kontseilari kargua hartu arte.
Juan Luis Sanchez (Iruña, 1966): Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteorde eta eleduna, eta Kultura, Turismo eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilaria da. Nafarroako Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziaduna, 1995etik 2011ra arte Iruñeko Udaleko zinegotzia izan zen: Hirigintza, Etxebizitza eta Garapen Jasangarrirako sailetan aritu zen, batez ere. 2011n, Nafarroako Gobernuak Kultura, Turismo eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari izendatu zuen, eta bigarren presidenteorde kargua ere hartu zuen urtebete geroago.