Politika -
A9
'Sezesio akordiorik' onartuko ez dutela ohartarazi dio Moncloak Masi
A9koa Generalitatearen eta CiUren “porrota” izan zela ziurtatu du Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak. Masen Gobernuak “politikaren aitzakiarekin legea urratu” duela salatu du.
Erredakzioa
CiU Kataluniaren independentzia bilatzen ari baldin bada ez dira akordio batera helduko, Alderdi Popularrak “sezesio akordio” bat onartuko ez duelako, ohartarazi du Soraya Saenz de Santamaria Espainiako gobernuko presidenteordeak.
A9koa Generalitatearen eta CiUren “porrota” izan zela ziurtatu du Espainiako presidenteordeak. Artur Masen Gobernuak “politikaren aitzakiarekin legea urratu” duela salatu du Saenz de Santamariak.
Senatuaren kontrol saioan A9koaren irakurketa egin du presidenteordeak eta Josep Lluis Cleries CiUko bozeramailearen galderari erantzun dio. Espainiako Gobernuaren “mehatxuen” aurrean, Kataluniak A9an “demokrazia lezioa” eman zuela goraipatu du Cleriesek. “Epaitegi gutxiago eta politika gehiago”, eskatu dio CiUko bozeramaileak Espainiako gobernuari.
“Politikaren aitzakiarekin legea urratu du zure gobernuak”, azpimarratu du presidenteordeak. Saenz de Santamariaren hitzetan, Masek Kataluniako herritarrak tentsioan eta ezegonkortasunean murgilduta ditu legealdi osoan zehar.
“Gauzak argi”
“Erretorika gutxiago eta gauzak argiago komeni dira. Kataluniaren independentzia nahi baduzue, akordio batera heltzea zaila izango da, nire gobernuak eta nire alderdiak ez dituzte sezesio akordio baterako botoak emango”, adierazi du Saenz de Santamariak.
Rajoyren gobernua epaitegien atzean “ezkutatzen” dela salatu du Cleriesek. Madrilgo gobernua “tolerantziarik eta ikuspegi politikorik gabe” ari dela uste du CiUko bozeramaileak. “Zure Gobernua epaitegien atzean ezkutatu gabe politikarekin eta elkarrizketarekin erronkei aurre egiteko prest al dago?”, galdetu dio Cleriesek presidenteordeari.
PPren Gobernuarekin “espainiarren subiranotasuna negoziatzerik” ez dagoela esan dio Saenz de Santamariak Masi. “Zu eskatzen ari zaren autodeterminazio eskubidea ez da posible Konstituzioaren barruan, ezta inguruko demokrazietan ere”, esan du.