Politika -

Bake-prozesua

Armagabetzea 'lehenbailehen' egitea beharrezkotzat jo du Fernandezek

Horren hitzetan, ETAk armak oraindik eman ez izanak bake-prozesuan egiteko dauden hainbat aurrerapauso garrantzitsu geldiarazita ditu.

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaria. Artxiboko irudia.
Jonan Fernandez
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaria. Artxiboko irudia.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariak zentzugabetzat jo du ETAren armagabetzea berandu baino lehen ez izatea. Horren hitzetan, bake-prozesuan egiteko dauden hainbat urrats garrantzitsu ez atzera ez aurrera daude, ETAk armak eman ez dituelako.

Biktimei dagokienez, Fernandezek nabarmendu du biktima guztiek, datozen lekutik datozela, merezi dutela euren aitorpena: halere, denak "zaku berean sartuta" ez daudela eta bakoitzaren berezitasunak kontuan hartzen dituztela nabarmendu du.

Onda Vascari eskainitako elkarrizketa batean, Fernandezek esan du berak ez duela ETAren armagabetzearen inguruko informaziorik, baina lehenbailehen izan beharko lukeela adierazi du.

"Armak ez emateak kalteak baino ez dakartza. Pasatu gabe utzitako orri bat da, eta orri hori pasatzen ez den bitartean, egiteko dauden hainbat urrats, aurrerapen garrantzitsuak, geldirik daude", esan du.

Atzerapen horrek gizarte osoari, baita ezker abertzaleari ere, egiten dio kalte, Bake eta Bizikidetza idazkariaren esanetan. "Armagabetzea ez egitea oztopo objektibo bat da, baina baita aitzakia bat ere, prozesuak aurrera egitea nahi ez dutenentzat", esan du. Horregatik, armak uzteko pausoak ematea kontuan hartu beharko luke dagokionak, Fernandezen aburuz, egun bizi dugun "impasse egoera zentzugabe hau" aldatzeko.

Memoria

Bake-prozesuko lanik "zailena" iraganari buruzko lanketa dela esan du, "minik eta zatiketarik handiena" hor dagoelako. "Gertatu denari buruzko irakurketa oso zaila eta neketsua da", Fernandezen hitzetan.

Memoriaren Eguna ospatzeko ekitaldietan aurten aurreko urteetan baino "krispazio gutxiago" egon dela iritzi dio Bake eta Bizikidetza idazkariak. "Horrelako egoerak normalizatzeak etorkizunean akordiorako eta elkar ulertzeko guneak zabaltzea ahalbidetuko du", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak