Politika -
Salaketa
Kataluniako Gobernua: 'Ziber-erasoak jasan ditugu A9a dela eta'
“Herrialdeko sistema informatikoen segurtasuna kolokan jarri zuten A9aren ondorioz” eta “ez ziren hacker amateurrak izan”, adierazi du Felip Puig Enpresa eta Enplegu kontseilariak.
Erredakzioa
Felip Puig Enpresa eta Enplegu kontseilariak ziurtatu duenez, azaroaren 9ko parte-hartze prozesua dela eta Katalunian “mundu mailako ziber-erasoak” izan ziren. Kataluniako Gobernuak gaur, asteartea, emango ditu horien gaineko xehetasunak.
“Herrialdeko sistema informatikoen segurtasuna kolokan jarri zuten A9aren ondorioz”, baieztatu du Puigek BDigital Apps Bartzelonako kongresuaren hasiera ekitaldian.
Aurreko larunbatean, parte-hartze prozesuaren bezperan, Kataluniako Batzar Nazionalak (ANC) eta Ommnium Culturalek eraso informatikoak jasan zituztela salatu zuten, eta A9ko kontsulta antolatzeko erabili zituzten telefonoak eta webgunea erabili ezinik uzteko helburuarekin egin zituztela eraso horiek.
Halaber, Generalitatearen webgune ofiziala zenbait orduz blokeatuta, edo lanean baina zailtasunekin, utzi zuten A9aren bezperan.
“Agerikoa da ez zirela hacker amateurrak izan”, esan du Puigek erasoon egileen inguruan egin dioten galderari erantzunda.
“Ezin dut susmoen inguruan hitz egin, frogez hitz egin behar dut”, esan du.