Politika -
Kataluniako prozesua
Masek bere ibilbide orria aurkeztuko du gaur
Convergenciak 15 eguneko epea emango dio Rajoyri negoziatzeko. Akordiorik ezean, plebiszitu-hautekundeak deituko ditu.
Erredakzioa
Artur Mas Kataluniako presidenteak bi egun itxaron ditu azaroaren 9aren ondorengo ibilbide orria aurkezteko. Gaur emango ditu xehetasunak, 13:30erako deitutako prentsaurreko batean.
Galdeketaren ondotik lehen aldiz bilduko da Generalitata, eta batzar horren ondotik aterako da hedabide aurrera Mas.
Datozen aste eta hilabeteetarako estrategia mahai gainean ipiniko du CIUko buruak eta, egoeraren analisi egokia egin ahal izateko, gainerako alderdietako buruzagiekin bilduko dela ere iragarri du.
Espainiako Gobernuari erantzun eske
Azaroaren 9ko galdeketaren "arrakastaren" ondotik (2,3 milioi katalanek eman zuten botoa) 180 graduko aldaketa eskatu dio Artur Masek Mariano Rajoy Espainiako presidenteari. Keinurik egin ezean, mehatxu ere egin du Kataluniako Gobernuak: "Harresiak hor jarraitzen badu, Kataluniako auzia nazioartera zabaldu beharko dugu".
Ingurumaria honetan, plebiszitu-hauteskundeak daude subiranotasunaren aldeko alderdien ahotan. ERCren ustez, presazkoa da hauteskundeak aurreratzea, Parlamentu eta Gobernu eratzaile bat sortzeko eta independentzia aldarrikatzeko.
Masen alderdiak, CDCk, epea ere ezarri dio Mariano Rajoyri. Josep Rull Convergenciako idazkari nagusiak Espainiako Gobernuarekin "adostutako erreferendum" bat lortzearen alde egin du, baina Gobernu zentralarekin negoziazioa antzua izan daitekeelakoan, 15 egunen buruan plebizitu-hauteskundeak deitzeko aukera jarri du mahai gainean. "Rajoyren erantzuna ezin da asko luzatu, astebete edo asko jota, bi", iragarri zuen atzo.
UDC Convergenciaren kidea zuhurrago agertu da, hauteskundeak aurreratzea baztertu eta keinuren bat egitea eskatu dio Mariano Rajoyri.
Rajoy, "mutu"
Bien bitartean, Espainiako Gobernuaren presidenteak "mutu" jarraitzen du. Igandean ez zuen adierazpenik egin, ezta atzo ere. Are, igandera arte ez dago Rajoyren prentsaurrekorik aurreikusita.
Espainiako Gobernuaren goi-kargudun batek egindako adierazpen bakarrak Soraya Saenz de Santamariak eskainiko ditu Senatuan. CIUk honako galdera hau egingo dio gaurko osoko bilkuran: Arazo politikoei aurre egiteko prest al dago Gobernua Auzitegi Konstituzionalaren edo Estatuko abokatuen esku utzi gabe? A9ren inguruko iritzia eman beharko du, horrenbestez, presidenteordeak.
Fiskaltzaren kereilaren zain
Hain justu, bide judizialari begira dago Espainiako Gobernua, Moncloako iturriek nabarmendu dutenez. Izan ere, datozen orduetan kereila aurkeztuko du Fiskaltza Nagusiak Kataluniako Auzitegi Nagusiaren aurrean.
Oraindik ez dago argi noren aurka aurkeztuko duen kereila, ezta zer delitu egotziko dituzten, baina "oinarri juridikoak oso sendoak" dituela argitu dute iturri juridikoek.
A9a egiteko lokal publikoak zabaltzea delitu ote zen ikertzeari ekin zion Fiskaltzak larunbatean. Diligentzia horien baitan, lokal horiek uzteko agindua eman ote zuen galdetu zion Kataluniako Gobernuari, eta nortzuek zabaldu zituzten identifikatzeko eskatu Esquadrako Mossoei. Masen gobernuak bere gain hartu zuen auzia, eta erantzule bakarra bera izanik, Mossoek ez dute inor identifikatu.