Politika -
Kataluniako kontsulta
Fiskaltzak kereila bat jarriko du A-9aren harira
Generalitateak bere gain hartu du A-9an lokal publikoak ireki izana, baina ez du zehaztu nork egin duen.
Erredakzioa
Kataluniako Gobernuak bere gain hartu du A-9an lokal publikoak ireki izana, baina ez du zehaztu nork egin zuen, Esquadra Mossoek Kataluniako Fiskaltza Nagusiari igorritako idatzi batean.
Fiskaltzak lokal publikoak nortzuek irekiko zituzten argitzeko eskatu zion larunbatean Albert Bratlle Esquadra Mossoen zuzendariari, eta Kataluniako Polizia autonomikoak Generalitatearen idatzi bat igorri dio.
Horretan, Joana Ortega presidenteordeak aitortu egin du Generalitatea dela erantzulea, baina ez du zehaztu nortzuek ireki dituzten egoitza publikoak. "Kontuan izan behar da egoitza horiek Generalitatearenak edota beste administrazio publiko batzuenak direla, eta irekitzeko baldintzak jabe den erakundeak zehazten ditu", azaldu du Ortegak.
Fiskaltzaren eskaeraren berri izan eta minutu gutxira, Kataluniako Gobernuak agiri bat publikatu zuen, eta, horretan, erantzule bakarra bera dela esan zuen. Hori dela eta, mossoek ez zuten inor identifikatu atzo.
Fiskaltzak ez ezik, Kataluniako osoko hainbat epaitegik ere ikerketa abiatu dute A-9aren harira, UPyDk salaketak aurkeztu baitzituen atzo.
Fiskaltzak kereila bat jarriko du
Bestalde, Kataluniako Fiskaltza kereila bat prestatzen ari da, hainbat delitu egotzita, eta hurrengo orduetan aurkeztuko du, EFE agentziak aurreratu duenez.
Oraindik ez dago argi noren aurka aurkeztuko duen kereila, ezta zer delitu egotziko dituzten, baina "oinarri juridikoak oso sendoak" direla esan dute.