Politika -
A9
Kontsulta Espainiaren 'barne arazo' bat dela esan du Bruselak
“Estatu kideen ordena konstituzionalarekin zerikusia duten barne antolakuntzako auzien inguruan ez du adierazpenik egin behar Europako Batzordeak, ez da bere papera”, adierazi du EBk.
Erredakzioa
Kataluniaren independentziari buruzko kontsulta baloratu behar ez duela uste du Europako Batzordeak. Espainiaren “barne arazo” bat dela adierazi du EBk, Margaritis Schinas bozeramaileak gaur azaldu duenez.
“Estatu kideen ordena konstituzionalarekin zerikusia duten barne antolakuntzako auzien inguruan ez du adierazpenik egin behar Europako Batzordeak, ez da bere papera”, ziurtatu du Schinasek.
Kataluniako eztabaida Espainiaren barne antolakuntza konstituzionaleko auzia dela errepikatu du Jean-Claude Junckerren Exekutiboak behin eta berriro.
“Bitarteko herrialdea”
Estatu kide baten zati batek independentzia aldarrikatuko balu Europar Batasunarekiko “bitarteko herrialde” bat izatera pasako zela ohartarazi zuen aurreko Europako Batzordeak, Jose Manuel Durao Barroso portugaldarraren Exekutiboak, alegia.
Ondorioz, Estatu berria EBtik kanpo geratuko litzateke eta barruan jarraitzeko eskakizuna egin beharko luke.
Lehentxeago, Estatu kidearen agertoki juridiko zehatz bat jasotzen duenean soilik azalpenak emango dituela azpimarratu zuen Batzordeak. Hori gertatzen ez den bitartean, espekulazioak eta hipotesiak alde batera uzteko eskatu zuen.