Politika -
Bartzelonatik postalak
Eta orain zer?
Kataluniak munduari erakutsi dio bere aldarrikapena zein den: Bere etorkizuna politikoa erabakitzeko eskubidea duela. Europako agendan behintzat kokatu du aldarrikapen hori.
Maddalen Iriarte | ETB
‘’Eta orain zer?’’ Galdera hori egin didate gaur albistegietako lankideek. “Ba gauza asko” esan diet. Aldagarri ugari jarri daitezke mahai gainean atzokoa ikusita.
Kataluniako herritarrak aipatuz hasi nahi nuke. Politika egin dute herritar hauek eta erakutsi dute oso zaila dela denbora luzean herritarrek eskatzen dutenaren aurka egitea inolako alternatibarik eskaini gabe. Ukazioaren eta ezerezaren politikak ez du balio. Desobedientzia baketsuaren bidetik joan dira boza ematera behin eta berriz debekatua izan ondoren beraiek aldarrikatzen zuten kontsulta. Prozesu parte hartzailea deitu diote azkenik. Eta parte hartu dute! 2.305.290 pertsona, Generalitateak banatu duen azken datuaren arabera. Eskerrak eman dizkie Masek bart. Eskerrak, herritarrei guztiei. Esker berezia prozesu honetan parte hartu duten ia 41.000 boluntarioei.
Kataluniak munduari erakutsi dio bere aldarrikapena zein den: Bere etorkizuna politikoa erabakitzeko eskubidea duela. Europako agendan behintzat kokatu du aldarrikapen hori.
Masek intolerante izatea bizkarreratu zion atzo Espainiako Gobernuari eta hala ere mutu, hura. Espainiako Gobernuaren mututasunak, Kataluniako PPko kideak ere jota utzi ditu. Babesik gabe geratu dira. Herritarren babesik gabe geratzen ari zirela bazekiten orain euren alderdiaren eta gobernuaren babesik gabe.
Pedro Sanchezek dio ulertu duela, badagoela arazo politiko bat Katalunian, baina jarraitu du esanez erreferendumik ezetz. Konstituzioaren aldaketa eskatu dio Rajoyri. Baina erreferendumik ez! Ez dakit beraz, oso ongi ulertu duen. Alderdi Soberanistek dute berriz ere erronka. Oraintxe arte lortu dute gizarte zibileko mugimenduekin batera elkarturik iristea. Azkeneko pitzaduren aurrean, galdeketaren ostean hauteskundeak deitzeko eskatu zioten Masi.
ERCk berretsi egin du eskaera gaur. Hauteskunde konstituziogileak eta kontzentrazio gobernu bat eskatu ditu. Mas txalo artea iritsi da bere alderdira. Ikusiko dugu hauteskundeak deitzen dituen. Nahikoa segurutzat jo dituzte CDCko bileran. Ikusiko dugu.
Mas indartua atera da prozesu honetatik eta ginga atzo gauean jarri zuen bere agerraldiarekin. Gutxitan ikusten dugu Europan berak bezala lau hizkuntzatan paper bakar bat begiratu gabe hitz egiten duen presidentea. Kazetarien galdera guztiak erantzun zituen galderak egitea modaz galduta dagoen honetan. Kazetarien aurrean lezioa eman zuen, beraz hemen zegoen ordezkarien araberako munduaren aurrean ere bai. Ea lortzen duen bere herriak nahi duen prozesu honetan lezio magistrala ematea.