Politika -

Kataluniako kontsulta

A9ren ostean, Konstituzioa erreformatzeko eskatu dio Sanchezek Rajoyri

"Epaitegien aroa atzean" uztearen alde agertu da buruzagi sozialista, eta, "Rajoyrekin edo Rajoy gabe", erreforma bultzatuko dutela iragarri du.

Sanchez, PSCko Angel Ros eta Miquel Icetarekin batera. EFE
Pedro Sanchez
Alderdi sozialistak konstituzioa erreformatu nahi du, federalismorantz

1:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azaroaren 9ko galdeketan Kataluniak "erakustaldia" eman ondoren, Konstituzioa erreformatzeko deia egin dio Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuari Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak, "berehala" egin behar dela iritzita.

"Amaitu da immobilismoaren aroa. Espainiako politikagintzan garai berri bat abiatu behar dugu, auzitegiak eta gaitzespenak atzean utzita. Konstituzioa erreformatu behar dugu", esan du Sanchezek, PSCren Exekutiban parte hartu eta gero komunikabideen aurrean egin duen agerraldian.

Buruzagi sozialistak Rajoyren gobernuari ohartarazi dio ezin duela 2015eko amaierarako aurreikusita dauden hauteskunde orokorren zain egon aldaketei ekiteko. PPren zain egon gabe, PSOEk Konstituzioa erreformatzearen alde lanean jarraituko duela gaineratu du. "Alderdi Popularrarekin egin nahi genuke erreforma, baina, era batera edo bestera, aurrera egingo dugu", adierazi du.

PSCk erreferendum konstituzional bat eskaini du

Bestalde, Miquel Icetak Kataluniaren eta Espainiaren arteko “akordio berri bat” eskaini die kataluniarrei. Horretarako, Konstituzioa erreformatu beharko lukete, eta erreferenduma Estatu osoan bozkatu.

Icetak ez du baztertu kontsulta legal bat egitea, baina Konstituzioa erreformatzea lehenetsi du: "Erreformari oportunitate bat eman behar diogu, independentziari baino lehen".

Buruzagi sozialistak aitortu egin du independentistek nekez babestuko dutela Konstituzioaren erreforma, baina proiektu honek independentzia baino babes handiagoa izango lukeela uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Albisteak PSOE Rajoy Kataluniaren independentzia Pedro Sánchez bideoak