Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
ERCk hauteskundeak egitea eskatu du Parlamentu eratzaile bat sortzeko
Indar eta alderdi ezberdinen "batuketa" berriz ere eraikitzea nahitaezkoa dela iritzi dio Marta Rovira ERCko kideak.
Erredakzioa
Marta Rovira ERCren idazkari nagusiaren esanetan, atzo Katalunian bizitako parte-hartze prozesua “subiranotasun ekintza” izan zen eta horrek alderdi eta erakundeak behartzen ditu egoerak eskatzen duen “neurrira egotera” eta hauteskundeak aurreratzera, Parlamentu eta Gobernu eratzaile bat sortzeko.
ERCren Batzorde Iraunkorraren ondorengo bilera bukatutakoan Rovirak esan duenez, alderdia “oso pozik” dago parte-hartze eta emaitzarekin eta, bere ustean, “egun historikoa” izan zen, “herritarren parte-hartzeari eta milaka boluntarioren ahaleginari esker”.
Roviraren arabera, katalanek atzo bidalitako mezua “subiranotasun ekintza” baten izaerakoa da eta, hemendik aurrera, alderdiei, erakundeei eta entitateei dagokie mezuari edukia ematea eta “Estatu independente bat eratzen” hastea.
“Herritarrek prozesu eratzailea zabaltzea nahi dute”, horretarako, azaldu duenaren arabera, lehenbailehen hauteskundeak deitu behar dira “parlamentu eratzaile bat sortzeko”.
“Independentzia lortzea helburu” izango duen “gehiengo parlamentarioa lortzeko formula” bilatzen hasteko deia egin du gaur egindako adierazpenetan Marta Rovirak. Horretarako, “indar batuketa” berria eratzea beharrezkoa izango dela gaineratu du.
Radio Euskadin adierazi duenez, atzo katalanek igorritako mezua “oso argia izan zen”: “Espainiako Gobernuaren debeku, mehatxu eta inpugnazioen gainetik herritarren erabakitzeko eskubidea dagoela esan zuten argi”, adierazi du.
“Hori izan da mezu nagusia, eta independentziari babes handia eman zioten, gainera. Gaurtik aurrera, politikagintzatik egin behar duguna mezu hura jaso eta gehiengo parlamentarioa lortzeko formula bilatzea izan behar da”, berretsi du.
Hemendik aurrera, katalanek independentzia jorratu ahal izateko formula bilatuko egingo dute. “Atzokoa posible egin zuen indar batuketa eraiki behar dugu berriro ere; mezua osatu eta lana amaitu behar dugu orain”, gaineratu du.