Politika -

Oroimenaren Eguna

Izagirrek barkamena eskatu die gaur biktima guztiei bando baten bidez

Donostiako alkateak bandoa kaleratu du gaur, bere atsekabea azaltzeko, eta autokritika egin du, agintariek ez dutelako neurria ematen jakin.

EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek ekitaldi bereziak egingo dituzte gaur, Oroimenaren Eguna dela eta, indarkeriaren biktimak gogoratzeko.

Lehenengoz, Eusko Jaurlaritzak ez du ekitaldi propiorik antolatu, baina Legebiltzarrekoan parte hartuko dute Jaurlaritzako ordezkariek.

Hala ere, ekitaldi horretara ez dira alderdi guztiak joango; izan ere, PPk eta UPyDk aparte egingo dute biktimen omenezko ekitaldia.

Horrez gain, Euskadi Irratiak jakin duenez, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak (Bildu) bandoa kaleratu du gaur, biktima guztiei barkamena eskatzeko.

Bertan, Izagirrek atsekabea azaldu du biktima guztiek jasan duten sufrimenduagatik, eta, autokritika egin du, agintariek ez dutelako neurria ematen jakin biktimen aurrean.

Biktimaren bat “erabilia edo baztertua” sentitu bada, nahigabea adierazi nahi diela esan die Donostiako alkateak. Indarkeria mota guztien aurkako mezua zabaldu du Izagirrek Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan.

Memoriaren Egunaren harira zabaldu den bandoan, Donostia “bortxakeriaren ondorio gogorrak sufritu dituen hiria” dela esan du Izagirrek; ETAren indarkeriak eta Estatuarenak “sakoneko sufrimendua” eragin dute, Izagirreren hitzetan, eta bandoan indarkeriaren aurkako jarrera irmoa agertu du.

Biktima guztien sufrimenduagatik “atsekabea” azaldu du alkateak.

Bakoitzak bere biktimei begira “denbora gehiegi” eman duela jaso du alkatearen bandoak. Etorkizunera begira, “egia” aldarrikatu du, pertsona guztien eskubideetan oinarritutako elkarbizitza eraikitzeko.

Bide horretan, Donostiako bortxakeriaren mapa osatzeko ikerketa martxan jarri duela jakinarazi du alkateak. Aditu independenteek egingo dute mapa, eta datozen egunetan emango dituzte jakitera aditu horien izenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ETA albisteak