Politika -
A9
13:00etarako 1.142.910 katalanek eman dute botoa
Joana Ortega Generalitateko presidenteordeak ez du balorazio politikorik egin. Halaber, parte-hartze prozesua erabateko normaltasunez egiten ari dela azpimarratu du.
Erredakzioa
Katalunian, lehen parte-hartze datuak jakinarazi dituzte, eta 13:00etarako 1.142.910 katalanek eman dute botoa azaroaren 9ko prozesu parte-hartzailean. Hauteslekuak 09:00etan ireki dituzte eta 20:00ak arte egongo dira zabalik.
Joana Ortega Generalitateko presidenteordeak eman ditu parte-hartzeari buruzko datuak kazetarientzat egokitutako Montjuic azoka esparruko Italia pabiloian.
Agerraldiaren hasieran ez duela balorazio politikorik egingo adierazi du, eta parte-hartzeari buruzko datuak ezagutzera eman ditu.
Lurraldez lurraldeko parte-hartze datuak hauek dira: Bartzelonan 693.914 pertsona joan dira botoa ematera; Gironan, 142.707; Erdialdeko Katalunian, 112.770; Tarragonan, 82.747; Lleidan, 64.291; Ebroko Lurretan, 33.092, eta Pirinioetan, 13.398.
Bestalde, parte-hartze prozesua erabateko normaltasunez gauzatzen ari dela azpimarratu du Joana Ortegak. Guztira, botoa emateko 1.317 hautesleku eta 6.695 mahai prestatu dituzte.
"Milaka herritar parte hartzen ari dira Kataluniaren etorkizun politikoari buruzko beren iritzia emateko", azpimarratu du.