Politika -
A9
Mas: 'Erantzulea nor den jakin nahi badute, begira diezadatela niri'
“Ez dut ulertzen Rajoyk esatea hau ez dela ez erreferenduma ez kontsulta, eta auzitegietara jotzea blokeatu nahian”, esan du Kataluniako presidenteak.
Erredakzioa
Artur Mas Generalitateko presidenteak 'bai' eta 'bai’ erantzun die gaur, azaroak 9, Katalunian egiten ari diren prozesu parte-hartzailean galdetzen ari diren bi itaunei. “Egin dugun guztia egin ostean, behin betiko erreferenduma egiteko eskubidea irabazi dugu; ahal dela, Espainiako Gobernuarekin hitzartuta”, esan du, eta “Fiskaltzak erantzulea nor den jakin nahi badu, begira diezadatela niri”, erantsi du.
“Ez dut ulertzen Rajoyk esatea hau ez dela ez erreferenduma ez kontsulta, eta auzitegietara jotzea blokeatu nahian”, adierazi du Kataluniako presidenteak Escola Pia Balmesen (Bartzelona) botoa eman eta gero. Bozkatutakoa aukerarik onena izan dela babestu du Masek.
Generalitateko presidenteak azaldu duenez, oso zaila izan da A9ko parte-hartze prozesua egitea, eta eskari bat egin du: “Utz gaitzatela bakean; demokrazian ez da atsegina mehatxu jakin batzuk gogoraraztea”.
Presidentearen adierazpenen arabera, ez dituzte eskola publikoetako zuzendarien datuak jakinaraziko –Fiskaltzak larunbatean eskatu zituen–, “ez dagoelako zuzendaririk, boluntarioak dira”.
“Zaunka ari dira; beraz, aurrera goaz. Gu tartean sartzen ez gaituzten bitartean, berdin zaigu. Ezberdina da hirugarren pertsonak inplikatu nahi izatea”, esan du.
Espainiar guztiei zuzenduta, A9ko galdeketarekin “askatasuna, demokrazia, adierazpen askatasuna eta askatasun ideologikoa” babesten ari direla esan du Masek. Are gehiago: “Ona da Kataluniarentzat eta Espainiarentzat. Kalitatezko ekintza demokratikoa egin dugu”.
Masen hitzetan, ordezko aukera guztiak kontuan hartu ostean ekin diote prozesu honi, denak alderatu eta gero, alternatiba ez baita besoak gurutzatu eta lurrera begiratzea: “Hau da gure alternatiba”.