Politika -
Bartzelonatik postalak
Iritsi da eguna
Maddalen Iriarte ETBko kazetariak Bartzelonatik bidali digun hirugarren "postalak" goizeko lehen orduan botoa eman daitekeen eskoletan bizi izandakoak jasotzen ditu.
Maddalen Iriarte | ETB
Goizeko 8:45etarako joan gara, gaur botoa eman daitekeen eskola batera. Izan ere, hauteskunde prozesu arrunt batean ez bezala, gaur eskola guztiak ez daude zabalik. Iritsi garenerako, jendea ilaran zegoen botoa emateko prest. Ordua baino apur bat lehenago sartu gara gu. Bertako boluntarioekin hitz egiteko aukera izan dugu. 30 boluntario hamar mahaietarako, eta boluntario laguntzaileak. Eta ondoren, boluntario lana egiteko prest agertu zaizkienak... kafeak eskuan zituztela eguna goizean goizetik jarraitzeko prest.
Barruan aurkitu duguna; ordena eta antolaketa. Hauteskunde arruntetan bezala, norbera bizi den kalearen eta abizenaren araberako antolaketa.
Jendea pozik, urduri, hasteko irrikan.
Bederatzietarako bi minutu, eta ezin eutsi atea zabaltzeko gogoari; eta ate aurrean gero eta jende gehiago. Boto paperak, sobreak, behar den guztia prest.
Iritsi dira bederatziak. Zabaldu dute atea. Edadeko gizon bat izan da lehena. Txalo zaparrada ezer baino lehen! Txaloak, jendea hunkituta eta malkoak ere bai. Dena txalo artean!
Ondoren, berriz lasaitasuna eta etengabe jendea. Eta kalean, ilara luzeak.
Kontua izan behar diren aldagarri zenbait bada, ordea, gaurkoan, beste edozein hauteskunde prozesuren aldean. Batetik, botoa emateko hautesleku gutxiago daudela. Bestetik, jende gehiagok duela botoa emateko aukera: hamasei urtetik gorakoek eta 800.000 atzerritarrek.
Edozein kasutan, guk ikusi dugun irudia bere etorkizuna erabaki nahi duen gizon-emakumeena izan da.
Botoa eman dutenean, kalera irten eta beste ilara luze bat egin dute. Espainiako Gobernuaren jarrera salatzeko, ukatu egiten duela Kataluniako herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea. Botoa emateko beste jende zegoen, luzea ilara. Amaitu egin dira paperak eta jendea zain geratu da, mugitu gabe. Hori ere esanguratsua iruditu zaigu.
Mossoak, batera eta bestera, Juan Carlos Etxeberria lankideari kontatu diote Barçaren partidua balego bezala daudela, badutela zabalik dauden boto-guneen zerrenda bat, baina besterik ez. Eta galdera bat ere bazuten; ea norbaitek pentsatu al duen non eta noiz emango duten botoa beraiek. 10.000 bat dira.
Momentuz, horrela doa eguna Berlingo Harresia jausi zeneko 25. urteurren honetan. Kataluniako herritarrak beste harresi bat ari dira apurtzen.