Politika -

Kataluniako kontsulta

A9an lokal publikoak erabiltzea delitu den ikertuko du Fiskaltzak

Fiskaltzak informazioa eskatu die Hezkuntza Sailari, Esquadra Mossoei eta Generaliteari, erabaki bat hartu ahal izateko.

Boto kutxak. Argazkia: Elisabet Zunzunegi
Boto kutxak. Argazkia: Elisabet Zunzunegi
Boto kutxak. Argazkia: Elisabet Zunzunegi

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak izapideak abiatu ditu, Estatuko Fiskaltza Nagusiak eskatuta, Katalunian igandean egingo den parte-hartze prozesuan lokal publikoak erabiltzea delitu den ala ez ikertzeko.

Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako parte-hartze prozesua bertan behera utzi ostean, udalen lokalak, hezkuntza zentro publikoak eta administrazio publikoen menpeko beste instalazio batzuk boto-kutxak jartzeko lagatzea delitu den ikertu nahi dute, iturri juridikoen arabera.

Ikerketa hori egin ahal izateko, Fiskaltzak informazioa eskatu die Kataluniako Hezkuntza Sailari, Esquadra Mossoei eta Generalitateari. Informazio guztia bildutakoan, Fiskaltzak Auzitegi Konstituzionalak onartutako ebazpena urratu den ala ez erabaki beharko du, eta, ondoren, txostena bidaliko dio epaileari. Orduan, epaileak delitua egon den ala ez erabaki beharko du, eta, hala ebatziz gero, neurriak hartu.

Zehatz-mehatz esanda, azaroaren 9ko kontsulta alternatiboa egiteko Generalitateak hezkuntza zentroak uzteko agindua eman duen argitzeko eskatu dio Kataluniako Fiskaltzak Hezkuntza Sailari. Bigarrenik, parte-hartze prozesua gauzatuko den lokalen zerrenda bidaltzeko eta lokal horiek irekitzeko ardura izango dutenen berri emateko eskatu dio Esquadra Mossoen zuzendari nagusiari. Azkenik, propaganda banatzen parte hartu duen galdetu dio Generalitateari.

Kataluniako Gobernuak azpimarratu duenez, Generalitatea bera da eraikin publikoetarako sarbidea baimentzearen erantzule bakarra. Ohar labur bat argitaratu du, eta bertan adierazi du ezin dela boluntarioen identifikaziorik eskatu, "ez dutelako zerikusirik baimenarekin". Gainera, boluntarioek beren zeregina aparteko gorabeherarik gabe egin ahal izango dutela nabarmendu du.

Aste honetan bertan, Auzitegi Konstituzionalak behin-behinean bertan behera utzi zuen Generalitateak azaroaren 9rako deitutako kontsulta alternatiboa, eta baita horrekin loturiko jarduerak ere. Debekuak debeku, deitzaileek parte-hartze prozesuarekin aurrera egitea erabaki zuten.

Generalitatearen aurreikuspenen arabera, Kataluniako 947 udalerrietako 942tan bozkatzeko aukera izango da, eta guztira 1.317 lokal, 6.695 mahai eta 40.000 boluntario izango dira.

Prozesua gauzatzeko, boluntario gisa izena eman duten funtzionarioen laguntza izango dute, baina "ez dute zeregin berezirik izango", Joana Ortega Generalitateko presidenteordearen arabera.

Rafael Catala Justizia ministroak Espainiako Gobernuaren izenean esan du Generalitateak kontsulta alternatiboan esku hartzen ez badu, Gobernuak ez duela neurririk hartuko.

Horren aurrean, Artur Mas Generalitateko presidenteak kontsulta alternatiboa egitea eta horren protagonismoa boluntarioen esku uztea erabaki zuen, baina, dena den, Generalitateak prozesuan duen erantzukizunari eutsiko dio eta horiei babesa eskainiko die.

Societat Civil Catalanak jarduteko eskatu dio guardiako epaitegiari

Societat Civil Catalanako hiru kidek idatzi bat aurkeztu dute gaur Bartzelonako guardiako epaitegian, hezkuntza zentroak azaroaren 9ko parte-hartze prozesurako erabiliko dituztela-eta, neurriak hartzeko eta "zuzenbide-estatua urratzeagatik" erantzukizun penalak egon daitezkeen ikertzeko.

"Azaroaren 9a prestatzeko ikastetxeak erabili dituztela ikusi dugu gaur goizean hainbat iruditan, eta Justiziari horren aurrean jarduteko eskatzen diogu", azaldu du Rafael Arenas Societat Civil Catanalako kideak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma gaur