Politika -

Polemika Extremaduran

Diru guztia, baita azken zentimoa ere, itzuliko duela esan du Monagok

Mariano Rajoyk, bestalde, babes osoa eskaini dio Jose Antonio Monagori, eta Alderdi Popular osoaren babesa duela azpimarratu du.

''Azken zentimoa ere'' itzuliko duela dio Monagok

0:35

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Monago Extremadurako presidenteak Senatuko kide zenean Kanarietara egindako bidaien inguruko informazioa Ganberan eskatu eta diru guztia itzuliko duela iragarri du: "Bidaiak ordainduko ditut eta guztia itzuliko dut, baita azken zentimoa ere".

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak babes osoa eskaini dio Jose Antonio Monago Extremadurako presidenteari. "Extremadurako alderdiak eta presidenteak Alderdi Popularraren babes osoa dute", azpimarratu du.

Caceresen izan da gaur Mariano Rajoy, eta Extremadurako presidentea astindu duen polemika izan du hizpide. Alderdi Popularreko baroien aurrean egin ditu adierazpenak Espainiako presidenteak.

Extremaduran hauteskundeak berriz ere irabaziko dituztela uste du Rajoyk. "Extremadurako herritarrek geratzeko eskatuko digute eta gu geratu egingo gara", ohartarazi du.

Rajoyk hilaren 27an ustelkeriaz hitz egingo du Kongresuan

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldia egingo du hilaren 27an Diputatuen Kongresuan, ustelkeriaren kontra proposatuko dituzten neurriak defendatzeko. Gobernuak urte hasieran ustelkeriari aurre egiteko bi lege-proiektu onartu zituen, eta Diputatuen Kongresuko agerraldian, besteak beste, horien inguruko azalpenak emango ditu.

Bi lege horiek Alderdi Politikoen Finantza eta Kontrol Ekonomikorako Legea eta Goi Kargudunen Erregimen berria dira. Lege horiei esker, politikariek beren ondareari buruzko argibideak eman beharko dituzte, bai politikan sartu aurretik eta baita politika utzitakoan ere. Halaber, arduradun publiko "guztiek" kontuak eman beharko dituzte Ogasunaren eta Parlamentuaren aurrean.

Lehen lege horren arabera, "alderdi politikoek ezingo dute enpresen dohaintzarik jaso, partikularrek urtero egindako dohaintzek ezingo dute kopuru bat gainditu, eta bankuek ezingo die alderdi politikoei zorrik barkatu".

Rajoyk iragarri duenez, "ustelkeria kasuetan iruzur egindakoa itzultzeko mekanismoak ezarriko dira", eta "ahozko epaiketa egin bitartean kargudun publikoak kargutik kentzeko aukera izango da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alderdi Popularra Rajoy berriak