Politika -
Kataluniako kontsulta
Generalitateak gaur ebatziko du kontsulta gizartearen esku utziko duen
Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Itun Nazionala bilduta dago 11:15etik.
Erredakzioa
Kataluniako Generalitateak gaur erabakiko du azaroaren 9ko kontsulta alternatiboaren antolakuntza eta horrekin lotutako ekintza guztiak gizarte zibilaren esku utzi ala ez, Espainiako Gobernuak iragarri baitu Generalitateak parte hartzen ez badu, berak ez duela auzitegietara joko
11:15etik bilduta dago Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Itun Nazionala. Mas da bilkuraren protagonista, galdeketaren antolaketa noren esku utziko duen argituko baitu. Itun horretan parte hartzen dute, besteak beste, Joan Rigol CiUko kide eta itunaren buruak, Nuria de Gispert Kataluniako Parlamentuaren presidenteak, alderdi politikoetako ordezkariek eta 50 erakundetik gorako arduradunek. Litekeena da igandeko galdeketan protagonismoa hartzea gizarte zibila ordezkatzen duen Itun Nazionalak.
Itun Nazionalaren bosgarren bilera hau bozketaren bezperan eta auzitegien ebazpenen ondotik etorri da. Atzo bertan, Espainiako Gobernuaren errekurtsoa atzera botatzea baztertu zuen Auzitegi Gorenak, eta herenegun, A9ko galdeketa behin-behinean bertan behera uzteko agindua eman zuen Auzitegi Konstituzionalak.
Generalitateak parte hartzen ez badu, Madrilek ez du esku hartuko
Datorren igandeko kontsulta alternatiboaren garapenean Kataluniako Generalitateak esku hartzen ez baldin badu, Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalera joko ez duela adierazi zuen atzo Rafael Catala Justizia ministroak.
Justizia Konferentzia amaitu eta gero, kontsulta hauteslekuetan bozkatu beharrean kalean egiteko aukeraz galdetu zioten kazetariek ministroari. Hauteslekuak Kataluniako Gobernuaren erakundeek kudeatzen dituzte.
“Baimenik ez duen kontsulta baten garapenean Generalitateak esku hartzen ez baldin badu, ez da beharrezkoa izango Auzitegi Konstituzionalera, epaileengana eta auzitegietara jotzea; izan ere, ez dute ordenamendu juridikoa urratuko”, azaldu zuen ministroak.
Hala ere, Generalitateak datorren igandeko kontsultaren garapenean zuzenean parte hartzen baldin badu Exekutiboaren erantzuna zein izango litzatekeen ez zuen zehaztu Catalak.
Ildo horretan, Estatuko Abokatutzak eta Fiskaltzak legea urratzen ari direla ikusten baldin badute, “beharrezkoak diren ekintzak aurrera eramango dituzte”.
Kontsulta dela eta, herritarren batek salaketa aurkezten baldin badu, “ordenamendu juridikoa urratzen ari diren aztertu beharko dute”, erantsi zuen.
Adierazpen askatasuna “inork eragotziko” ez duela azaldu zuen ministroak, “Espainia bezalako gizarte demokratiko batean herri mugimenduak eta sinadura bilketak egunero egiten direlako”.
“Baina Gobernu batek Konstituzioaren kontrako kontsulta bat bultzatzerik ez duela errepikatzen hilabeteak eman ditugu”, gaineratu zuen.
Gainera, segurtasun indarrek arauak betetzeko Katalunian euren lana egitea “logikoa eta zentzuzkoa” dela gogorarazi zuen Catalak.
Datorren igandeko agertoki ezberdinak ostiral honetan aztertuko ditu Ministroen Kontseiluak.
Baliteke Esquadra Mossoek kontsulta galarazi behar izatea
Bestalde, azaroaren 9an 6.992 esquadra mossok lan egingo dute, baina "ez dira Barne ministroaren eta Barne kontseilariaren zerbitzura izango, epaileen, epaitegien eta Fiskaltzaren esanetara" baizik, Ramon Espadaler Kataluniako Barne kontseilariaren arabera.
Catalunya Radiori eskainitako elkarrizketa batean, Kataluniako Poliziak herritarren segurtasuna zaintzeko arduraz gain, polizia judizialen eskumena ere baduela azpimarratu zuen. Hori dela eta, Esquadra mossoek epaitegien aginduak obeditu behar dituzte, baina ez ordea Barne ministroaren irizpenak.
"Espainiako Gobernuak Jorge Fernandez Diezen tesia jarraitu nahi badu, baditu horretarako tresnak; Estatuko Fiskaltzaren bitarteaz aginduak ematea, alegia", azaldu zuen. Hala ere, oraingoz horrelakorik ez dela gertatu azaldu zuen Kataluniako Barne kontseilariak.
Espadalerren esanetan, Estatuko Segurtasun idazkaria Kataluniako Barne Kontseilaritzarekin harremanetan jarri da eta, azaroaren 9aren harira, polizia nazional gehiago bidaliko dituztela "gezurtatu" egin zuen. Barne kontseilariaren arabera, azken egunotan ez da Polizia Nazionaleko agenteen kopurua handitu, baina lehen baino gehiago dira.