Politika -
Frantzia
Hollande ez da berrautaketara aurkeztuko langabeziak behera egin ezean
“Hanka-sartzeak” izan dituela onartu du Frantziako presidenteak, bereziki 2013an langabeziak behera egin behar zuela aurreratu zuenean. “Ez dugu hazkunde nahikorik”, onartu du.
Erredakzioa
“Hanka-sartzeak” izan dituela onartu du gaur Francois Hollande Frantziako presidenteak, batez ere 2013an langabeziak behera egin behar zuela aurreratu zuenean; izan ere, ez zen hala gertatu. Agintaldia amaitu baino lehen langabeziak behera egiten ez baldin badu berriz hauteskundeetara aurkeztuko ez dela adierazi du Hollandek.
“Hutsegiteak izan ditut”, esan du Hollandek TF1 telebistan. Agintaldiko lehen erdiaren balantzea egin du Frantziako buruzagiak elkarrizketan.
2013ko amaieran “langabeziaren kurba iraultzeko” agindua hanka-sartzeen artean aipatu du agintariak; izan ere, promesa ez zuen bete. Bere buruari aurpegira botatzen diola onartu du, “askoren itxaropena zelako”.
Lehenago ere esan du, baina langabeziak behera egin ezean 2017ko hauteskundeetara aurkeztuko ez dela errepikatu du Hollandek. Frantziak % 10,2ko langabezia-tasa du.
“Ez dugu hazkunde nahikorik”
“Hazkunde nahikorik ez dugu”, onartu du presidenteak. Horregatik, hazkundea “Europa mailan” bilatuko duela adierazi du. “Aurretik ditudan bi urte eta erdian erreformetan sakonduko dut”, gaineratu du.
Valerie Trieweiler bikotekide ohiaren eta Julie Gayet aktorearen inguruko galderak ez ditu erantzun Hollandek.