Politika -
Kataluniako kontsulta
Generalitateak esku hartzen ez badu Gobernuak ez du epaitegietara joko
Hala ere, Generalitateak kontsultaren garapenean zuzenean parte hartzen baldin badu Exekutiboaren erantzuna zein izango litzateke ez du zehaztu Justizia ministroak.
Erredakzioa
Datorren igandeko kontsulta alternatiboaren garapenean Kataluniako Generalitateak esku hartzen ez baldin badu Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalera joko ez duela adierazi du gaur Rafael Catala Justizia ministroak.
Justizia Konferentzia amaitu eta gero, kontsulta hauteslekuetan bozkatu beharrean kalean egiteko aukeraz galdetu diote kazetariek ministroari. Hauteslekuak Kataluniako Gobernuaren erakundeek kudeatzen dituzte.
“Baimenik ez duen kontsulta baten garapenean Generalitateak esku hartzen ez baldin badu, ez da beharrezkoa izango Auzitegi Konstituzionalera, epaileengana eta auzitegietara jotzea; izan ere, ez dute ordenamendu juridikoa urratuko”, azaldu du ministroak.
Hala ere, Generalitateak datorren igandeko kontsultaren garapenean zuzenean parte hartzen baldin badu Exekutiboaren erantzuna zein izango litzateke ez du zehaztu Catalak.
Zentzu horretan, Estatuko Abokatutzak eta Fiskaltzak lege urratzen ari direla ikusten baldin badute “beharrezkoak diren ekintzak aurrera eramango dituzte”.
Kontsulta dela eta herritarren batek salaketa aurkezten baldin badu, “ordenamendu juridikoa urratzen ari diren aztertu beharko dute”, erantsi du.
Adierazpen askatasuna “inork eragotziko” ez duela azaldu du ministroak, “Espainia bezalako gizarte demokratiko batean herri mugimenduak eta sinadura bilketak egunero egiten direlako”.
“Baina Gobernu batek Konstituzioaren kontrako kontsulta bat bultzatzerik ez duela errepikatzen hilabeteak eman ditugu”, gaineratu du.
Gainera, segurtasun indarrek arauak betetzeko Katalunian euren lana egitea “logikoa eta zentzuzkoa” dela gogorarazi du Catalak.
Datorren igandeko agertoki ezberdinak ostiral honetan aztertuko ditu Ministroen Kontseiluak.
Baliteke mossoek kontsulta galarazi behar izatea
Bestalde, azaroaren 9an 6.992 Esquadra mossok lan egingo dute, baina "ez dira Barne ministroaren eta Barne kontseilariaren zerbitzura izango, epaileen, epaitegien eta Fiskaltzaren esanetara" baizik, Ramon Espadaler Kataluniako Barne kontseilariaren arabera.
Catalunya Radiori eskainitako elkarrizketa batean, Kataluniako Poliziak hiritarren segurtasuna zaintzeko arduraz gain, polizia judizialen eskumena ere baduela azpimarratu du. Hori dela eta, Esquadra mossoek epaitegien aginduak obeditu behar dituzte, baina ez ordea Barne ministroaren irizpenak.
"Espainiako Gobernuak Jorge Fernandez Diezen tesia jarraitu nahi badu baditu horretarako tresnak, Estatuko Fiskaltzaren bitarteaz aginduak ematea, alegia", azaldu du. Hala ere, oraingoz horrelakorik ez dela gertatu azaldu du Kataluniako Barne kontseilariak.
Espadalerren esanetan, Estatuko Segurtasun idazkaria Kataluniako Barne Kontseilaritzarekin harremanetan jarri da eta, azaroaren 9aren harira, Polizia Nazional gehiago bidaliko dituztela "gezurtatu" egin du. Barne kontseilariaren arabera, azken egunotan ez da Polizia Nazionalen kopurua handitu, baina lehen baino gehiago dira.