Politika -

Katalunia

A9an 6.992 mosso arituko dira, 'epaileen eta Fiskaltzaren esanetara'

Kataluniako Barne kontseilariak azpimarratu du Esquadra Mossoek epaitegien aginduak obeditu behar dituztela, baina Barne ministroaren irizpenak ez.

Ramos Espadaler Kataluniako Barne kontseilaria. Artxiboko irudia: EiTB
Ramos Espadaler Kataluniako Barne kontseilaria. Artxiboko irudia: EiTB
Esquadra Mossoak epaile eta fiskalaren aginduetara egongo dira

1:27

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azaroaren 9an 6.992 Esquadra mossoek lan egingo dute, baina "ez dira Barne ministroaren eta Barne kontseilariaren zerbitzura izango, epaileen, epaitegien eta Fiskaltzaren esanetara" baizik, Ramon Espadaler Kataluniako Barne kontseilariaren arabera.

Catalunya Radiori eskainitako elkarrizketa batean, Kataluniako Poliziak hiritarren segurtasuna zaintzeko arduraz gain, polizia judizialen eskumena ere baduela azpimarratu du. Hori dela eta, Esquadra mossoek epaitegien aginduak obeditu behar dituzte, baina ez ordea Barne ministroaren irizpenak. Kataluniako kontseilariak Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak egindako adierazpenei erantzun die horrela, izan ere, mossoek legea obeditu eta legea betearaziko dutela adierazi zuen.

"Espainiako Gobernuak Jorge Fernandez Diezen tesia jarraitu nahi badu baditu horretarako tresnak, Estatuko Fiskaltzaren bitarteaz aginduak ematea, alegia", azaldu du. Hala ere, oraingoz horrelakorik ez dela gertatu azaldu du Kataluniako Barne kontseilariak.

Orotara, 6.992 Esquadra mossoek lan egingo dute igandean: 2.336 mossok ohiko zerbitzua egingo dute eta 4.756 mossok, berriz, errefortzu lana egingo dute. Kontseilariak azaldu duenez, Esquadra mossoak alerta aurreko egoeran daude astelehenaz geroztik, eta azaroaren 9an 06:00etatik aurrera "alerta gorenean" egongo dira mekanismo guztiek arintasunez funtzionatzen dutela bermatzeko.

6.992 Esquadra mosso mugiarazteak Generalitatea parte-hartze prozesua antolatzen ari denaren seinale den galdetuta, ukatu egin du: "Barne Kontseilaritza ez da Azaroaren 9arekin loturiko ezer antolatzen ari, herritar mobilizazio baten aurrean neurriak hartu ditu: futboleko final baten, Bat formulako lasterketa baten, Diadaren edo urriaren 12ko jaiegunaren aurrean egin ohi duen bezalaxe".

Espadalerren esanetan, Estatuko Segurtasun idazkaria Kataluniako Barne Kontseilaritzarekin harremanetan jarri da eta, azaroaren 9aren harira, Polizia Nazional gehiago bidaliko dituztela "gezurtatu" egin du. Barne kontseilariaren arabera, azken egunotan ez da Polizia Nazionalen kopurua handitu, baina lehen baino gehiago dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniaren independentzia