Politika -

Katalunia

Masek gutuna bidaliko dio Rajoyri, behin betiko erreferenduma adosteko

Generalitateko presidenteak azaroaren 9ko prozesu parte-hartzailean "beldurrik gabe" parte hartzeko deia egin die kataluniarrei.

Artur Mas Generalitateko presidentea. Argazkia: EiTB
Artur Mas Generalitateko presidentea. Argazkia: EiTB
A9ko polemika 'desdramatizatzeko' lasaitasuna eskatu du Masek

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Generalitateko presidentea azaroaren 9ko prozesu parte-hartzailean "beldurrik gabe" parte hartzeko deia egin die katalanei, ez independentziaren alde edo kontra bozkatzeko soilik, "mespretxuz" eta "ezgaitasun politikoz" jokatzen duen Estatuaren aurrean Katalunia "babesteko" baizik.

Halaber, azaroaren 9an parte hartuko duten boluntarioei inplikatzeko beldurrik ez izateko dei egin die.

Erabakitzeko eskubidea defendatzeko "eskubide naturala"ri egin dio aipamena. Horren iritziz, aste honetan "beldurra eta nahasmena" sortzen ahaleginduko dira, baina "beldurrik gabe" parte hartzera deitu ditu herritarrak, eta parte hartuz "herrialde oso bat" (Katalunia) babestuko dutela gaineratu du.

Halaber, prozesu parte-hartzailea antolatzeko asmoari eusteko asmoa berretsi du: "Egitea tokatzen dena eta egin behar dena egiteko gaude".

Masek Forum Europak antolatutako gosari informatibo batean parte hartu du, atzo Auzitegi Konstituzionalak azaroaren 9ko kontsulta "alternatiboa" bertan behera utzi arren, Generalitateak parte hartze prozesuari eutsiko ziola iragarri ostean.

Masek Estatuaren "intoleratziaren harresia" eraistea desiratu du, eta Estatuari "ezjakintasunez eta mespretxuz" eta zenbait kasutan "azpikeriaz" jokatzea egotzi dio. Gainera, "izugarrizko ezgaitasun politikoa" izatea leporatu dio Gobernuari, Kataluniako auziaren aurrean ez duelako "ekimen bat bera ere" aurkeztu.

Masek eskutitz bat bidaliko dio Rajoyri eta "behin betiko" erreferenduma egitea eskatuko dio

Artur Mas Generalitateko presidenteak eskutitz bat bidaliko dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernu presidenteari azaroaren 9a pasatu ondoren, eta katalanei Espainiarekin izan nahi duten harremana erabakitzea ahalbidetuko dien bozketa adostea eskatuko dio, Quebecen eta Eskozian egin zuten bezala.

Generalitateak salaketa jarri du Auzitegi Gorenean Espainiako Gobernuaren kontra, eta salaketa horrekin katalanen askatasunak baino zerbait gehiago babesten ari direla azpimarratu du: "Espainiako herritar guztien eskubideak babesten ari gara eta horien eskubideengatik ari gara borrokan".

Artur Masek 'lasaitasuna' eskatu du azaroaren 9ko polemika 'desdramatizatzeko'

Kataluniako presidenteak lasaitasunerako deia egin du azaroaren 9ko prozesu parte-hartzailearen inguruan sortu den eztabaidari "dramatizazioa kentzeko". Masek defendatu duenez, prozesu soberanista "garbitasun demokratikotik eta legearekiko errespetutik" egingo da, Kataluniarentzat "proiektu propioa" eraikitzeko eta haren "duintasuna" mantentzeko.

Masen esanetan, erabakitzeko eskubidea herrien eskubide "naturala" da, eta prozesu soberanista "gehiengo zabalekin" eta "gizatasun eredugarriarekin" gauzatzen ari da, "kolperik eta irainik gabe". "Inoiz baino garrantzitsuagoa da aste honetan ere horrela egitea", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako erreferenduma