Politika -

Katalunia

A9an kontsultarik izango ez dela ziurtatu du Espainiako Gobernuak

Auzitegi Konstituzionalaren erabakia obeditzeko eskatu dio Saenz de Santamariak Artur Masi. Gobernuko presidenteordearen hitzetan, “gobernariek ezin dute erabaki zer bete eta zer ez”.

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuaren presidenteordea. Argazkia: EFE
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuaren presidenteordea. Argazkia: EFE
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuaren presidenteordea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak Artur Mas Generalitateko presidenteak A9an egin nahi zuen kontsulta bertan behera utzi eta gero, datorren igandean galdeketarik izango ez dela ziurtatu du Espainiako Gobernuak, nahiz eta Kataluniako Exekutiboak aurrera jarraituko duela iragarri.

Espainiako Exekutiboko iturrien arabera, Mariano Rajoyren Gobernua pozik dago Konstituzionalak hartutako erabakiarekin. Kontsulta alternatiboaren aurka helegitea aurkeztea adostu zuen Ministroen Kontseiluak iragan ostiralean.

"Egin beharrekoa egin du Gobernuak: kontra egin", azpimarratu dute iturriek. Konstituzionalaren erabakia obeditzeko eskatu diote Masi. Hala ere, Auzitegiaren erabakiaren ostean, Katalunian, igandean, kontsultarik izango ez dela ziurtatu dute.

Zentzu horretan, Masek kontsultarekin aurrera jarraitzeko pausoa emango ez duela uste dute. Bestalde, Kataluniako elkarteek egiten dutenaren erantzukizuna Generalitateko presidenteak izango duela ohartarazi dute.

Kataluniako Asanblada Nazionala bezalako elkarteak eta entitateak azaroaren 9ko kontsulta antolatzeko arduradun gisa azaltzeko aukera aurreikusi dute Espainiako Exekutiboaren iturriek. Edozein kasutan erantzukizuna Masek izango duela aurreratu dute.

Espainiako Gobernuaren hitzetan, trikimailu posible horrekin Masek ez du inor engainatuko, bera arduraduna dela mundu guztiak dakielako.

Saenz de Santamaria: "Gobernariek ezin dute zer bete eta zer ez erabaki"

Horrela, Auzitegi Konstituzionalaren erabakia obeditzeko eskatu dio Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak Artur Masi. Gobernuko presidenteordearen hitzetan, "gobernariek ezin dute erabaki zer bete eta zer ez".

Laneko Merituaren Urrezko Dominak banatzeko ekitaldian parte hartu du Saenz de Santamariak, Liburutegi Nazionalean. Konstituzionalak Gobernuaren helegitea onartu eta handik gutxira egin ditu adierazpenak presidenteordeak.

"Kataluniarren eta espainiar guztien eskubideak bermatzea" Konstituzionalari dagokiola gogorarazi du Saenz de Santamariak. Auzitegiaren "erabakiak guztiek errespetatu" behar dituztela ohartarazi du presidenteordeak.

Era berean, erabakia "obeditzeko" eskatu dio Alicia Sanchez-Camacho PPCko buruzagiak Masi. Gobernuaren kontrako "pultsua eta erronka" bertan behera lagatzeko eskatu dio Sanchez-Camachok Kataluniako presidenteari. A9 “berehala” bertan behera uzteko esan dio, funtzionarioak eta Kataluniako herritarrak “legez at ez uzteko”, gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako erreferenduma