Politika -
Madril Erkidegoan
Púnica operazioko alkate bat agiriak bulegotik ateratzen atzeman dute
Antonio Sanchez Fernandez Serranillos del Valle herriko (Madril) alkateak dimisioa eman du.
Erredakzioa
Serranillos del Valle herriko (Madril) alkateak, Antonio Sanchez Fernandezek, dimisioa eman du, Guardia Zibilak hainbat txosten bulegotik ateratzen saiatzen harrapatu eta gero.
Sanchez Fernandez (UDMA alderdikoa) joan den astean atxilotu zuten, Púnica operazioaren baitan, baina ez zuten epailearen esku utzi, osasun arazoak tarteko.
Hain zuzen ere, Udaleko funtzionario batek 'harrapatu' du hainbat txosten kutxetan sartzen, eta guardia zibilek galarazi egin diote agiriak Udaletik ateratzea.
Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak deklaratzera deitu du bihar, azalpenak emateko.
Beste dimisio bat
Agustin Juarezek iragarri duenez, Collado Villalba Madrilgo herriko alkate izateari uko egin dio, Punica Operazioan azaleratutako ustelkeria sarearekin lotuta izan eta gero, baina ziurtatu egin du "erabat errugabea" dela.
Juarezek -aurreko asteazkenean aske geratu zen 40.000 euroko fidantza ordainduta- prentsaurrekoan eman du bere erabakiaren berri, Udal-gobernuarekin ordubete bilduta egon eta gero.
Collado Villalbako alkate ohiak, gainera, azpimarratu du bere alderdiak ez duela erabakia hartzera "derrigortu"; halaber, uko egin dio zinegotzi aktari eta, oro har, jarduera politikoari.
Horren ildotik, berretsi egin du berak, beste inork baino gehiago, egoera hau "argitzea" nahi duela eta, bere esanetan, Alkatetzari uko egin dio ez dituelako une hauek eskatzen duten "indarra eta buru belarri aritzeko gaitasuna".
"Collado Villalbako alkatea izatea nire bizitza osoan, alde pertsonalean zein alde profesionalean, izan dudan poz handiena izan da, baina alkate izateko buru belarri aritu, indarra eta ilusioa behar da, eta une zail hauetan horien gabezia daukat", azaldu du.
'In fraganti' harrapatuta
Guardia Zibileko Unitate Zentral Operatiboko agenteek ekidin dute Antonio Sanchez Fernandez Serranillos del Valleko (Madril) alkateak bere bulegoan zeuzkan hainbat agiri eramatea, kutxak betetzen ‘in fraganti’ harrapatu ostean.
Sanchez Fernandez Punica operazioan atxilotu zuten prebarikazio, iruzurra eta saleroskeria delituak leporatuta, baina aurreko astean ez zuen epailearen aurrean deklaratu, osasun arazoak argudiatuta.
Guardia Zibilak jakinaren gainean jarri du Eloy Velasco Auzitegi Nagusiko epailea, eta igorritako oharraren arabera, alkatea udaletxean agertu da "eta bere bulegoko agiriak sartzen hasi da, eramateko asmoarekin".