Politika -

Kataluniako galdeketa

Desmond Tutuk eta Esquivelek erabakitzeko eskubidearekin bat egin dute

Erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpena sinatu dute, beste zortzi pertsonarekin batera; tartean Ken Loach.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Desmond Tutu eta Adolfo Perez Esquivel Bakearen Noble saridunek Kataluniako herritarren erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpena sinatu dute. Hegoafrikako artzapezpikuarekin eta Argentina bakezalearekin batera, beste zortzi lagunek sinatu dute testua, tartean Ken Loach zinemagileak eta Paul Preston hispanistak.

Larunbat honetan eman du testuaren berri "Ara és l'hora" plataformak eta, bertan azaldu dutenez, pertsona talde batek bultzatu du ekimena, Eduard Vallory Kataluniako Unesco egoitzako presidenteak bultzatuta. Estuan adierazten dutenez, ‘’Kataluniako herritarren gehiengoak behin eta berriz adierazi du, hainbat modutan, erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi dutela, bere etorkizun politikoaren inguruan botoa emateko’’.

Halaber, manifestuan azpimarratu dute ‘’botoa emateko nahi hori Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko desadostasun luze baten ondorio’’ dela; ‘’kultura, politika eta finantza esparruetan burujabetasun mailaren inguruko desadostasunaren ondorio’’. "Kataluniako herritarrei botoa ematea galaraztea gizarte demokratikoetako oinarrien kontra joatea da’’, testua sinatzen duten arabera.‘’Ondorioz, elkarrekin lan egitera deitzen ditugu Espainiako Gobernua eta haren instituzioak zein Kataluniako ordezkariak’’, gaineratu dute.

Desmond Tutu, Adolfo Perez Esquivel, Ken Loach eta Paul Preston sinatzaileekin batera, honako hauek egin dute bat manifestuarekin: Saskia Sassen (Columbiako unibertsitateko katedraduna; Richard Sennett AEBko soziologoa; Antonio Lobo Antunes idazle portugaldarra; Harold Bloom AEBko literatura kritikoa; Bill Shipsey ekoizle eta aktibista irlandarra; eta Ambler Moss AEBko diplomatikoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako erreferenduma