Politika -
Parte-hartze prozesua
Masek A9koari eutsi dio, eta Estatuaren kontra jotzea aztertzen ari da
Kataluniako presidentearen ustez, Espainiako Gobernua "botereaz abusatzen" ari da, Auzitegi Konstituzionala "modu okerrean" erabiltzen ari delako.
Erredakzioa
Artur Mas Generalitatearen presidenteak azaroaren 9rako antolatu duten parte-hartze prozesuari eutsi dio, nahiz eta Espainiako Gobernuak horren kontra jo Auzitegi Konstituzionalean, eta aztertzen ari da Estatuaren kontrako neurri judizialak hartu ala ez. Izan ere, Espainiako Gobernua "botere gehiegikeriaz" jokatzen ari dela eta Auzitegi Konstituzionala "modu okerrean" erabiltzen ari dela iritzi dio.
Espainiako Ministroen Kontseiluak A9ko prozesua Auzitegi Konstituzionalera eramango duela iragarri ostean, Masek agerraldia egin du Generalitatean, eta parte-hartze prozesuaren prestakuntza, "ia amaituta" dagoena, bururaino eramango duela jakinarazi du.
Masen ustez, Espainiako Gobernuaren helegiteek agerian uzten dute ez dutela gaitasun politikorik eta "botere gehiegikeriaz" jokatzen ari direla; izan ere, Auzitegi Konstituzionala "modu okerrean" erabiltzen ari omen dira, ez dagokion ardura bat emanez: politikoki konpondu behar den gai baten inguruan erabaki.
Presidenteak azaldu duenez, Espainiako Gobernuaren kontra har ditzaketen neurri judizialek autogobernua babestea izango dute helburu, eta azaroaren 9a baino lehen hartu beharko lituzkete. Gainera, ordenamendu juridikoa errespetatuko omen dute neurri horiek, Espainiako Gobernuak "errespetatzen ez duen" ordenamendu juridikoa.
Kataluniako presidenteak berretsi du Kataluniak herritarren parte-hartzerako eskumenak dituela, eta Espainiako Gobernuak urratu egingo dituela prozesua geldiarazten badu.
Bestalde, datozen egunetan Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Itun Nazionalaren aparteko bilera deitzeko aukera aztertzen ari da.
Kontsulta "erabat antidemokratikoa" da
Rafael Catala Espainiako Justizia ministroarentzat azaroaren 9ko prozesua "antikonstituzionala" eta "erabat antidemokratikoa" da, eta Generalitateak abiatutako ekintzak bere eskumenetatik kanpo daude.
"Kataluniako Generalitatea babesten ari den deialdia eta ekintzak (webgunea, boluntarioen koordinazioa, eskolak prestatzea, hautestontziak) Mas jaunaren Gobernuaren eskumenetatik kanpo daude", adierazi du.
Kataluniako Autonomia Estatutuak "inkestak, parte-hartze foroak eta audientzia publikoak" antola ditzake, "baina ez Generalitateak antolatu nahi duena bezala erreferendum bat", gaineratu du.