Politika -
Kataluniako Prozesua
A9ko kontsulta alternatiboa ere auzitara eramango du Espainiak
Auzitegi Konstituzionalean jarriko du Generalitatearen aurkako salaketa Espainiako Gobernuak, azaroaren 9ko galdeketa legez kanpokoa delakoan.
Erredakzioa
Azaroaren 9ko kontsulta alternatiboa dela eta, Kataluniako Gobernuaren aurka egingo du Espainiako Gobernuak. Hala erabaki du gaur goizean egindako bileran Espainiako Ministroen Kontseiluak. Auzitegi Konstituzionalera joko du Mariano Rajoyren Gobernuak.
Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak hedabideen aurrean esan duenez, Estatu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak, atzo, helegitea jartzea aho batez onartu ondoren, Ministroen Kontseiluak galdeketa berriro Konstituzionalera eramatea onartu du.
Gaur arratsaldean aurkeztuko dute helegitean, A9ko galdeketa eta harekin lotutako ekintza guztiak baliogabe utz ditzala eskatuko dio Espainiako Gobernuak Konstituzionalari. Estatu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak atzo erabaki zuenez, helegitea jartzeko argudio juridikoak badaude; ez bakarrik galdeketaren aurka, baita galdeketarekin lotutako ekintza guztien kontra ere.
Saenz de Santamariaren hitzetan, kontsultak ez du "legezko oinarririk" eta ez ditu betetzen "berme demokratikoak". "Kontsultarako erroldarik eta hauteskunde-barrutirik ez ere ez dago. Emaitza jakin baten bila ari den talde batek gidatutako prozesua da", zehaztu du.
Presidenteordeak gaineratu duenez, Espainiako Gobernuak Konstituzioko ordenamendu juridikoari eta Zuzenbidezko Estatuari eutsi nahi dio horrela, bertan ez omen dagoelako A9ko kontsultarentzat lekurik. Gainera, "demokrazia" babestu nahi dutela esan du Saenz de Santamariak, parte-hartze prozesuak demokraziaren "oinarriak urratzen" dituela iritzita.
Espainiako Gobernuaren beste arrazoietako bat kataluniarren eskubideak babestea omen da, funtzionario publikoenak batez ere, Generalitateak "lege babesik gabe" jarri nahi dituelako.
Izan ere, Saenz de Santamariak gogor kritikatu du Generalitatea, funtzionarioen bizkarrean jarri nahi duelako legea urratzeko ardura, eta Artur Mas presidenteak berak egin nahi izan ez duen zerbait eginarazi nahi dietelako.