Politika -

Kataluniako Galdeketa

A9ko galdeketa inpugnatu edo ez erabakiko du Espainiako Gobernuak

Estatu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak aho batez babestu zuen Espainiako Gobernuak azaroaren 9rako Katalunian deitu duten kontsultaren kontrako helegitea aurkeztea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azaroaren 9ko galdeketaren aurka Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkeztu edo ez erabakiko du gaur Ministroen Kontseiluak. Estatu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak helegitea aurkeztearen aldeko txostena egin ondoren hartuko dute erabakia.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak atzo eman zuen horren berri. Hala ere, gertakariak ez aurreratzeko eskatu zuen. “Helegitea hitzartu behar da lehenik eta behin, eta, ondoren, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiari itxaron behar diogu. Erabaki horrek ekar ditzakeen erreakzioak ere aztertu behar dira. Espero dut lege demokratikoa onartzea”, esan zuen Rajoyk.

Estatu Kontseiluak txostenean zehaztu zuenez, “Auzitegi Konstituzionalak jada debekatu zituen galdeketarekin antzekotasunak dituzten galdeketa berriak”. “Artur Mas Kataluniako presidenteak argi utzi du, debekua alde batera uzteaz gain, Espainiako Gobernuak etorkizunean aurkez ditzakeen helegiteak ere ekidin nahi dituela”, jaso dute txostenean.

Galdeketa berria boluntarioen laguntzarekin egiteko asmoa izatea eta parte-hartzaileak “borondatezko fitxategi” batean izena emandakoak izatea Konstituzioaren aurkakoa dela esan du Estatu Kontseiluak. “Egiteko modu horrekin Konstituzioak jasotzen dituen oinarrizko bermeak alde batera uzten dira”, jaso dute bertan.

Prozesuaren arduradunei neutraltasunez jokatzeko deia egin die txostenak, eta oinarrizko bermeak ziurtatzen ez direla ikusita, askatasunaren eta boto unibertsalaren aurka egiten dela uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniaren independentzia