Politika -

Bidaia ofiziala

Estatus politiko berri bat aldarrikatu du Urkulluk

Mexikoko hainbat unibertsitate-irakasle eta akademikoren aurrean, giza garapen iraunkorrerako euskal eredua defendatu du eta Euskadik dituen erronkak azaldu ditu lehendakariak.

Iñigo Urkullu lehendakaria Mexikon da, bidaia ofizialean.
Iñigo Urkullu lehendakaria Mexikon da, bidaia ofizialean.
Estatus politiko berri bat aldarrikatu du Urkulluk

0:54

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak  Eusko Jaurlaritzak Euskadirako dituen erronkak zeintzuk diren azaldu ditu Mexikon, hango unibertsitate-irakasleen eta akademikoen aurrean. "Autogobernua" jarri du erdigunean Urkulluk, eta horretarako, "estatus politiko berri bat" aldarrikatu du, "elkarrizketan, negoziazioan eta akordioan" oinarritutakoa.  Mexikoko UNAM Unibertsitate Nazionalean egindako mahai-inguru batean eman ditu azalpenok lehendakariak.

"2020. urtea helburu jarrita, Euskadik hazten jarraitu behar du; horregatik, herrialde gisa ditugun erronkei aurre egiteko lanean ari gara: giza garapenaren indizean munduko hiru nagusien artean egotea, pobrezia-tasa % 5etik behera txikitzea, % 6tik beherako langabezia-tasa lortzea, bakea eta bizikidetza indartzea eta Euskadirako egoera politiko berria berrestea", esan du Urkulluk.

Euskal Autonomia Erkidegoaren azken 75  urteotan errepaso historikoa eta politikoa egin du lehendakariak bere hitzaldian. 1936ko Autonomia Estatutuaren onarpena, Gerra Zibila, diktadura eta Gernikako Estutua ekarri ditu gogora.  Une politiko horiek guztiek Euskadik zailtasunei aurre egiteko duen gaitasuna agerian uzten dutela nabarmendu du. Halaber,  euskal ekonomia etenik gabeko hobetze prozesu batean murgilduta egon izan dela beti esan du.

Garapen iraunkorra

Lehendakariak giza garapen iraunkorraren ereduaren ildo nagusien berri eman du akademikoen. Bere ustez, hiru oinarri ditu: gizarte kohesioa, politika ekonomi suspergarria eta kaudimen-bermea. Hala, euskal babes-sistema nabarmendu du, Euskadin bizi diren pertsona guztiei eskubide eta laguntza berberak bermatzen dizkiela esanaz.

"Eusko Jaurlaritzak diru-sarrerak bermatzeko errenta-sistema ezarri zuen duela 25 urte baino gehiago, eta bizimodu duina ahalbidetzen die pertsona guztiei. Pertsonekiko konpromisoa da gure leloa. Badakigu hala motelago egiten dugula aurrera, baina denok elkarrekin aurrera egitea nahi dugu", adierazi du.

Bakea eta bizikidetza

Bakeari dagokionez, lehendakariak esan du 50 urtean lehen aldiz, indarkeriarik gabeko egoera bizi duela Euskadik. "Hala ere, indarkeriak zauri sakonak utzi ditu gizartean, eta denbora eta erabakia beharko dituzte sendatzeko", adierazi du.

"Gure belaunaldirako erronka garrantzitsutzat eta gure seme-alabei utzi behar diegun ondaretzat jotzen dudan aukera lortzeko konpromisoak hartu behar ditugu", esan du, eta Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Plana erabiliko duela horretarako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Urkullu