Politika -
Parte-hartze prozesua
ANC eta Omnium A9-an bozkatzearen alde, 'gertatzen dena gorabehera'
Bestalde, Generalitateak parte-hartze prozesuaren inguruan egin dituen iragarkiak emititzeko agindu diete Kataluniako Gobernuaren lizentzia duten irrati eta telebista kateei.
Erredakzioa
ANCk eta Omnium Culturalek azaroaren 9an, boto papera eskuan hartuta, hauteskunde eskoletara joateko deia egin die herritarrei, "gertatzen dena gorabehera", hau da, Espainiako Gobernuak azkenean prozesuaren kontra jotzea erabakitzen badu ere.
"Gertatzen dena gertatzen dela, denak botoa ematera. Inpugnatu egin dutela? Denak botoa ematera. Ez dutela inpugnatu? Denak, botoa papera eskuan, bozkatzera. Estatuaren jarrera salatu behar dugu, adierazpen askatasuna mugatzen digulako", azpimarratu du Forcadell ANCren ordezkariak Muriel Casals Omniumen presidentearekin batera emandako prentsaurreko batean.
Forcadellen esanetan, hauteskunde eskoletan ilara luzeak sortzea izango da helburua, agerian uzteko Estatuak "demokraziaren kontra egiten dituen erasoen aurrean", demokrazia gehiagorekin erantzuten dutela.
Generalitateak iragarkiak emititzeko eskatu du
Bestalde, Generalitateak parte-hartze prozesuaren inguruan informazioa emateko iragarkiak emititzeko eskatu die Kataluniako Gobernuaren lizentzia duten irrati eta telebista kateei, eta egiten ez badute, neurriak hartuko dituztela iragarri du Kataluniako Ikus-Entzunezkoen kontseiluak.
"Ikus-entzunezko komunikazioa eskaintzen dutenek derrigorrez emititu behar dituzte Espainiako Gobernuak eta Kataluniakoak interes publikokotzat jotzen dituzten adierazpenak", gogorarazi du Josep Marti Generalitateko Komunikazio idazkariak.
Gaineratu duenez, "Komunikazio Idazkaritzak ekoiztutako bi iragarki lehenbailehen emititzen hasteko" eskatu die komunikabideei.