Politika -

Kataluniako kontsulta

A9ko kontsultaren kontrako helegitea babestu du Estatu Kontseiluak

Espainiako kontsulta-batzorde gorenak aho batez hartu du erabakia. Txostena eskuan, Auzitegi Konstituzionalera jo dezake orain Espainiako Gobernuak.

Artur Masek proposatutako kontsulta auzitara eramateko lehen urratsa da hau.
Artur Mas
ANC eta Omnium A9-an bozkatzearen alde, 'gertatzen dena gorabehera'

1:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak aho batez babestu du Espainiako Gobernuak azaroaren 9ko Kataluniako kontsulta berriaren kontrako helegitea aurkeztea, erakundeko iturriek jakinarazi dutenez.

Rajoyren gobernuak txostena egiteko eskatu zion kontsulta-batzorde gorenari, eta honek inpugnazioaren aldeko iritzia emanda, kontsulta baliogabetzeko eskaera egitea aztertzen ari da orain Espainiako Exekutiboa. Izan ere, auzitara jotzeko nahitaezko pausoa da txosten hori eskatzea.

Hori horrela, txostena mahai gainean dutela eta ezusterik ez bada, ostiral honetan onartuko dute Ministroen Kontseiluan Katalunian azaroaren 9an egin nahi duten kontsulta alternatiboaren kontrako helegitea aurkeztea Auzitegi Konstituzionalean.

"Herritarren parte-hartze prozesua deitutakoaren bidez, azaroaren 9an Kataluniako etorkizun politikoari buruz euren iritzia eman dezaten katalanei eta Katalunian bizi direnei egindako deialdia"ren inguruko txostena lehenbailehen egiteko eskatu zion astelehenean Estatu Kontseiluari Espainiako Gobernuak.

Txostena Estatu Kontseiluaren Lehen Sekzioak idatzi du, Kataluniako Kontsulten Legea eta azaroaren 9ko erreferendumaren deialdi dekretua behin-behinean baliogabe utzi zuen berberak, alegia.

Erabakiak ez du Mas ezustean harrapatu

Estatu Kontseiluaren erabakiarekin “guztia, harrituta izan ezik” dagoela adierazi du Artur Mas Generalitateko presidenteak, baina kontsulta berriarekin aurrera jarraituko dutela ohartarazi du, Gobernuak aurkeztu beharreko helegitearen eta haren argudioen zain.

Azaroaren 9ko prozesuak “aurrera” jarraitzen duela esan du Masek Kataluniako Parlamentuko pasilloetan. Bestalde, prozesua gauzatzeko ia dena prest dagoela ziurtatu du agintariak.

“Legea obeditzea” espero du Rajoyk

Bestalde, Ministroen Kontseiluak kontsulta berriaren aurkako helegitea Auzitegi Konstituzionalean aurkeztu ala ez ostiralean erabakiko duela baieztatu du Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak. Artur Masen Exekutiboak etorkizunean “legea obeditzea” espero duela erantsi du Rajoyk.

Gertakaririk ez aurreratzea eskatu du presidenteak. “Lehenik eta behin, helegitea adostu behar dugu, gero Auzitegi Konstituzionalari itxaron behar diogu eta ondoren erantzuna ikusi; lege demokratikoa obeditzea espero dut”, azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma