Politika -

Osoko bilkura Kongresuan

'Ustelkerian hondoratutako Espainiaren irudia saihestu behar dugu'

Mariano Rajoy presidenteak azpimarratu du politikagintza oso lan "noblea" dela. PSOEk eta IUk kritika gogorrak egin dizkiote Espainiako presidenteari, ustelkeria kasuengatik.

Espainia ustelaren irudia baztertu egin nahi du Rajoyk

1:35

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy presidenteak "ustelkerian hondoratutako" Espainia baten irudia saihesteko eskatu die Kongresuko taldeei, "ez baita egia".

"Denok egin ditugu akatsak, baina politikagintza jarduera noblea da oso".

PSOEko buruzagiari, Pedro Sanchezi, Andaluziako Enplegu Espedienteen auzian zergatik ez duen neurririk hartu galdetu dio Rajoyk. Zenbait kargu izendatzeagatik barkamena eskatu du gaur ere Mariano Rajoyk, eta gainerako alderdiei 'zuk gehiago' estrategia ez erabiltzeko eskatu die.Hala ere, azken egunotako ustelkeria kasuetan ere PSOEko zenbait kide inputatu dituztela gogoratu du Rajoyk.

"Nik behintzat barkamena eskatu nuen; zuk ez zenuen barkamenik eskatu ezta azalpenik eman. Ez al duzu azalpenik eman behar ala?", galdetu dio Sanchezi. Hala ere, ustelkeriaren aurkako akordioak PSOErekin adosteko prest agertu da Rajoy: sozialistek aste honetan bertan iragarri dute ez dutela Alderdi Popularrarekin ustelkeriaren aurkako neurririk negoziatuko. Amaitzeko, euren lana "zintzotasunez" egiten duten alkate, zinegotzi eta diputatuak gogoratu ditu Rajoyk.

Pedro Sánchez: 'Ustelkeriak Rajoy setiatu du'

Bestalde, ustelkeriak Mariano Rajoy "setiatu" egin duela azpimarratu du gaur Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak. Barkamena eskatzearekin batera, PPn izandako ustelkeria kasuen aurrean "zorrotz" jokatzeko eskatu dio sozialisten buruzagiak Rajoyri.

Europako Batzordean lortutako akordioen berri emateko osoko bilkura egiten ari dira gaur Madrilgo Kongresuan, baina aste honetako atxiloketak eta ustelkeria kasuak bihurtu dira eztabaidaren ardatz.

Sanchezen esanetan, PPren barruan dagoena "ez da sagar ustel bakar bat", eta, horregatik, ustelkeriaren aurrean "zorrotz" jokatzeko eskatu dio. "Ustelkeria pozoia da demokraziarentzat", adierazi du.

Azalpenak Kongresuan ematera eta ustelkeria kasuen aurrean "neurri zorrotzak" hartzera premiatu du Rajoy. "Ez Alderdi Popularraren onerako, demokraziaren onerako baizik", gaineratu du.

Cayo Lara: 'Jendea potroetaraino dago'

Cayo Larak, bestalde, Espainiako presidenteari "beste alde batera begiratzeari" uzteko eskatu dio. Dimisioa emateko, Gorteak desegiteko eta ustelkeriaren inguruan azalpenak emateko ere eskatu dio Izquierda Unidako bozeramaileak. "Jendea potroetaraino dago ustelkeria kasuen aurrean", gaineratu du.

Cayo Lara osoko bilkurako gai nagusitik urrundu da eta bere agerraldian ustelkeria izan du hizpide, horren iritziz, "gure herrialdean patioa oso zikina dagoelako". Hala, ustelkeriari buruzko azalpenak emateko osoko bilkura monografikoa egiteko eta bertan azalpenak emateko eskatu dio Mariano Rajoyri, "ustelkeriak izaera sistematikoa hartu duelako".

UPyDk bestalde, Espainiako Gobernuko presidente gisa Mariano Rajoyk duen erantzukizunari heltzeko eta "siglen gainetik Espainian pentsatzeko" eskatu dio. Halaber, oposizioak eskatu aurretik, ustelkeria kasuen aurrean aurpegia emateko eskatu dio Rajoyri, "demokraziaren ebola" dela argudiatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Rajoy Ustezko ustelkeria politikoa albisteak