Politika -
Kataluniako prozesua
Kontsultaren aldeko kanpaina hasi da, beste helegite baten mehatxupean
Estatuko “estolden” joko zikinak azaroaren 9ko bozketa geldiaraziko ez duela ohartarazi du Xavier Trias Bartzelonako alkateak kanpainaren lehen ekitaldian.
Erredakzioa
Artur Masen Gobernua azaroaren 9ko galdeketa aurrera ateratzeko lanetan murgilduta dago, Mariano Rajoyren Gobernuak prozesua berriro auzitara eramatea aztertzen ari dela iragarri duen arren.
Convergència Democràtica de Catalunya (CDC) alderdiak gauean kanpainako lehen ekitaldia egin du. 22:00etan abiatu dute, ohiko hauteskunde-kanpainetan bezala, kartelak jarriz. Azaroaren 9ko galdeketan 'bai-bai' erantzunaren alde egingo dute (Kataluniako independentziari buruzko bi galdera egingo dira).
Lehen ekitaldi horretan izan direnen artean, Marta Pascal JNCko presidentea, Josep Rull CDCko koordinatzaile nagusia eta, Andorran eta Suitzan dirua ezkutatuta duelakoan, azken egunotan polemikaren erdigunean dagoen Xavier Trias Bartzelonako alkatea daude.
Estatuko “estolden” joko zikina
Estatuko “estolden” joko zikinak azaroaren 9ko bozketa geldiaraziko ez duela ohartarazi du Triasek kanpainaren hasieran. Horretarako, kataluniarrak ziur eta indartsu jokatu behar dutela erantsi du.
“Jende horrek markatzen digun egoera ez dugu jasaten. Joko zikinarekin inora ez goazela ulertu behar dute, eta alboan nahi bagaituzte jarrera eta ekiteko modua aldatu beharko dituzte”, adierazi du 250 pertsonen aurrean, CDCren ekitaldian.
Kataluniarrei kalte egitea bilatzen ari direla ohartarazi du alkateak: “Estoldetan mugitzen den jendea dago, eta politikan guztia balio duela uste dute, eta politikan guztiak ez du balio”.
Hala ere, zikin jokatzen jarraituko dutela iragarri du Triasek. Horregatik, “baturik jarraitu, indarra izan eta azaroaren 9an bozkatuko dela azaldu behar dugu”, gaineratu du.
Boluntarioak
Bestalde, atzo jakinarazi zutenez, 40.930 herritarrek eman dute izena kanpaina bera eta A9ko prozesua antolatzen laguntzeko; Artur Masen Gobernuak aurreikusitakoaren bikoitza. Gehienak (38.706) Internet bidez erregistratu dira. Hautetsontziak jarriko diren zentroetan, 4.000 lagunek baino gehiagok hartuko dute parte. Generalitatearen lurralde ordezkaritzetan, berriz, ia 700 pertsonak eman dute izena. Boluntario horiek guztiek azaroaren 9an izango duten zeregina zehazten ari dira antolatzaileak.
Espainiako Gobernuak berriro prozesua auzitara eramateko aukera handia dagoela jakin badakien arren, azaroaren 9ko prozesu parte-hartzaileari eutsi egingo diola iragarri du Kataluniako Gobernuak. "Egingo ez dena ezin da debekatu", esan zuen atzo Francesc Homs Generalitateko ordezkariak. "Nola ez dugu, bada, egingo? Hautetsontziak egongo dira, bai horixe", erantzun zien atzo galdeketari eutsiko dioten galdetu ziotenei.
Horiek horrela, Kataluniako prozesua bere osotasunean auzibidean jartzeko txostena prestatzen ari dela iragarri du Espainiako Gobernuak.