Politika -
Salaketa
'El Mundo'ren kontrako kereila zabaldu du Triasek, 'irainengatik'
Bartzelonako alkateak ustez Suitzan eta Andorran dituen diru-kontuei buruzko datu gehiago zabaldu ditu gaur 'El Mundo' egunkariak.
Erredakzioa
Xavier Trias Bartzelonako alkateak 'El Mundo' egunkariaren aurka jarrita duen kereila zabaltzea agindu du, gaur, berriro, "irainak eta gezurrak" argitaratzeagatik. Triasek Andorran 12 milioi euro zituela gordeta eman zuen argitara hedabide horrek atzoko edizioan. Gaur, berriz, Suitzako banku bateko kontu korrontearen zenbakia kaleratu, eta Triasena dela esan du. Alkateak informazio guztia gezurtatu du, gaur ere, eta babesik gabeko egoeran dagoela esan du.
Genevako Union de Banques Suisses banketxearen 7651162-3445.954 kontu korrontean Triasek dirua izan zuela ezkutatuta zabaldu du 'El Mundo' egunkariak, eta 2013ko otsailaren 10ean, aipatutako kontutik Andorrako beste kontu batera 12.986.730,80 euroko transferentzia agindu zuela.
'El Mundo'ren arabera, Poliziak esku artean duen txostenean, Triasek Andorran eta Suitzan egindako diru-mugimenduak ez ezik, alkatearen datu biografikoak ere jasota daude, baita Espainiako Estatuko hainbat banketxetan dituen kontuei buruzko datuak ere: horien arabera, kontuetako batean 200.000 euro ditu.
"Gaur zabaldu egin dut kereila, eta zabaltzen jarraitu beharko dudan susmoa dut", esan du alkateak.
Kaleratutako informazioekin "harrituta" dagoela gaineratu du. "Ez dut konturik Andorran, ez dut konturik Suitzan eta hemen ere ez dut 200.000 euro dituen konturik", zehaztu du.
Poliziak beharrezko jotzen duena ikertzeko eskubidea duela adierazi du, baina 'El Mundo'k ezer kaleratu aurretik informazioa kontrastatu beharko lukeela nabarmendu du.
Aurkeztu duen kereilan, bestalde, Ignacio Cosido Gutierrez Polizia Nazionaleko zuzendari nagusiari eskatu dio argitu dezala ikerketa zabaldu duen eta, hala bada, "erabat faltsua" den informazio hori nork filtratu duen galdetu dio.
Bere kontrako eraso zuzentzat jo ditu kaleratutako informazioak Triasek. Bartzelonako alkateak ez du baztertu honen guztiaren atzean Katalunian zabaldu den prozesuari berak erakutsi dion babesa egotea.