Politika -

Udalen partzuergoa

Ekonomikoki ito nahi izatea egotzi dio Udalbiltzak Urquijori

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak helegite andana jarri du Udalbiltza Partzuergoari diru ekarpena egiten dioten udalen ebazpenen aurka.

Udalbiltzako ordezkariak, prentsaurreko batean.
Udalbiltza
Udalbiltzako ordezkariak, prentsaurreko batean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udalbiltza Partzuergoak salatu duenez, erakundea ekonomikoki ito nahian dabil Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria. Izan ere, "sistematikoki" helegiteak jartzen ari da Udalbiltza Partzuergoari diru ekarpena egiten dioten udalen ebazpenen aurka.

Partzuergoak ohar batean salatu duenez, dagoeneko 18 udalek jaso dute errekerimendua, baina "beste askok ere" jaso dezaketela ohartarazi dute.  Lehendabiziko epaiketa azaroaren 11n egingo dute, Irurako udal akordio baten aurka. Partzuergotik azaldu dutenez, "maiatzetik hona, Urquijo udalen hiru motatako administrazio egintzaren aurkako errekurtsoa egiten aritu da: Udalbiltza Partzuergoko kideen kuotaren ordainketa, Partzuergoaren eta hainbat udalen arteko lankidetza hitzarmena, eta udal aurrekontua bera".

Erakundeak oharrean agertu duenez, "Euskal Herriko 38 udalek osatutako entitate publikoa da Udalbiltza Partzuergoa. Udalbiltza Euskal Herriko hautetsien biltzar gisa eratu eta gero, 2001ean sortu zen Partzuergoa; 2012an berrosatu zen, hautetsien biltzarra berrantolatu baino urtebete lehenago".

Denbora horretan, "eskualdeen arteko desorekak gainditzea eta tokiko garapenean eta kohesioan urratsak egitea" izan ditu helburu Partzuergoak, oharrean zehazten denez. Zereginok betetzeko, Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa erabili du Partzuergoak, eta aurrekontuaren zati handi bat bideratu du horretara.

Aurrekontu eta ekitaldiak, publikoak

Udalbiltzak oharrean azpimarratu duenez, Partzuergoaren "aurrekontuak eta egintza administratiboak publikoak dira, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ageri dira". Udalbiltzaren hitzetan, "Partzuergoko kide diren 38 udalen kuotak eta udal batzuekin izenpetutako lankidetza-hitzarmenak dira diru-sarrera bakarrak".

"Hauek dira gure finantziazio iturri bakarrak, eta errekurtso andana honekin Partzuergoa ekonomikoki ito eta bere jarduna eten nahian dabil Urquijo", salatu dute oharrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea