Politika -
Gürtel auziaz aparte
Acebesek esan du ez zekiela PPn B kutxa zegoenik
PPren idazkari nagusi izandakoa bidegabeko jabetzearen delitua egotzita inputatu dute, 'Libertad Digital' egunkariaren kapitala handitzeko operazioa baimendu zuelakoan, besteak beste.
Erredakzioa
Angel Acebes PPren idazkari nagusi eta ministro ohiak baieztatu egin du epailearen aurrean ez zekiela alderdian B kutxa zegoenik, ez horren dirua Libertad Digital hedabideko akzioak erosteko erabili zenik, bera alor politikoaz arduratzen zelako, ez ekonomikoaz.
Hori izan da Acebesek deklarazioan esandako gauzetako bat, Virginia Lopez Negrete Manos Limpiasen abokatuak adierazi duenez, PPko agintari ohiak Auzitegi Nazionalean deklaratu eta gero.
Acebes urduri agertu da, abokatuaren arabera, eta nabarmendu du alderdian erabat bereizita zeudela alde ekonomikoa eta politikoa, eta bera politikoaz soilik arduratzen zela.
Diruzaina eta idazkari nagusia "kargu erabat independenteak" dira, ez dago bata bestearen menpe, Acebesen hitzetan.
"Bera alor politikoaren buru zenez, eta ez ekonomikoarena, ez zuen inolako erantzukizunik ez ezagutzarik B kutxen inguruan, ez Barcenasek onartutako gainsarien inguruan, ezta gutxiagorik ere Libertad Digitalen akzioen erosketaren gainean", esan du abokatuak.
Acebesek onartu egin du Alberto Recarte Libertad Digital egunkariko presidente ohiarekin bildu zela, eta Recartek kapitala handituko zutela jakinarazi ziola, baina azaldu du jende askok eskatzen zizkiola gauzak.
Acebesek 10:05ean alde egin du Auzitegi Nazionaletik Pablo Ruzen aurrean inputatu gisa deklaratu eta gero, Alderdi Popularreko ustezko B kontabilitateko diruarekin hedabide horren akzioak erosi zituelakoan.
Ordubete inguru deklaratzen izan eta gero, Auzitegi Nazionaletik atera denean, Bankiako preferenteen aurka protestan zegoen talde batek "lapurra" eta "lotsabako" oihukatu dio.
Goiztiarra
Acebes ordubete lehenago heldu da Auzitegi Nazionalera, inputatu gisa deklaratzera. Acebesek Libertad Digital egunkariaren akzioak erosi zituen, ustez, PPren B kutxako dirua erabilita.
Acebes auto gris batean heldu da, eta serio sartu da Auzitegian. Bidegabeko jabetzea leporatzen diote, Libertad Digital egunkariaren kapitala handitzeko operazioan "erantzukizuna izateagatik, operazioaren berri izan eta onartu egin zuelako". Operazioa egiteko dirua Lapuertak eta Barcenasek eman omen zioten, "haien iluntasuna aprobetxatuz".
Horren abokatua, Carlos Aguilar, minutu batzuk lehenago heldu da Auzitegi Nazionalera. Miguel Blesa Caja Madrideko presidente ohiaren abokatua ere bada Aguilar, auzitegi horretan bertan zabalik dagoen auzian.
Ruz PPren ustezko B kontabilitatea ikertzen ari da, Gürtel auziaz bereizitako auzi batean. Epaileak Auzitegi Goreneko doktrina bati heldu zion, bidegabeko jabetzearen aurrean ezer ez egiteagatik "ez-egitezko delitua" egozteko. Ruz epaileak ondorioztatu duenez, Acebesek, alderdiaren bigarrena izanda, Alvaro Lapuerta eta Luis Barcenas diruzain ohiek egindakoa "oztopatzeko eta kontrolatzeko gaitasuna" zuen, baina ez zuen ezer egin.
Bestalde, Alvaro Lapuerta PPko diruzain ohiak eta Antonio Vilela etxegintza arloko enpresaburuak ere deklaratzera deitu ditu Ruzek, azken honek ere akzioak erosi baitzituen. Deklarazioa Auzitegi Nazionalak Madrilgo Goya kalean duen egoitzan egingo dute, Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak hala eskatuta.
Epaileak pertsona gehiago inputatzea erabaki zuen, Polizia Nazionaleko Delinkuentzia Ekonomiko eta Fiskaleko Unitateak egindako txosten batean oinarrituta. Barcenasen B kontabilitatea aztertzen du txosten horrek, 2004 eta 2005 bitartean, eta bertan jasota dago Libertad Digital egunkariaren akzioak erosi izana, 446.100 euroren truke.
Bere diruarekin erosi zituen
Alvaro Lapuerta PPko diruzain ohiak Pablo Ruz epailearen aurrean deklaratu duenez (gutun bidez deklaratu du, osasun arazoak direla-eta ez bertaratzeko eskubideari heldu baitio), Libertad Digital egunkariaren akzioak bere diruarekin erosi zituen, eta inoiz ez du PPren dirua "ezkutatu".
Lapuertak (87 urte) adierazitakoaren arabera, PPren kontulariek guzti-guztia legea betez egin zuten; beraz, alderdiaren B kontabilitatea ukatu du, Efe albiste agentziak zabaldutakoaren arabera.
Dagoeneko hiru aldiz heldu dio Lapuertak ez bertaratzeko eskubideari, eta eskutitz bidez ukatu ditu epaileak leporatzen dizkion akusazioak.