Politika -
A9
Galdeketa inpugnatuta ere, aurrera jarraitzeko eskatu dio ERCk Masi
Kontsultaren ordez egingo den parte-hartze prozesuaren antolatzaile eta sustatzaile nagusia Kataluniako Generalitatea dela azpimarratu du. "Hartutako konpromisoa betetzeko" eskatu dio presidenteari.
Erredakzioa
Anna Simo ERCren bozeramaileak azaroaren 9an kontsulta egiteko konpromisoari eusteko eskatu dio Artur Mas Generalitatearen presidenteari, eta ez dezala bertan behera utzi Espainiako Gobernuak parte-hartze prozesuaren kontra jotzen badu ere.
Simok ERCren batzorde iraunkorraren bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, Mariano Rajoyren Gobernuak hasierako kontsultarekin egin zuen gauza bera errepikatuz gero, eta inpugnazioa aurkezten badu, "hortik aurrera gertatzen denaren ia ardura guztia Generalitatearena izango da".
Kontsultaren ordez egingo den parte-hartze prozesuaren antolatzaile eta sustatzaile nagusia Kataluniako Generalitatea dela azpimarratu ondoren, "hartutako konpromisoa betetzeko" eskatu dio presidenteari, kataluniarrek azaroaren 9an bozka dezaten.
CiUren eta ERCren arteko egonkortasun itunaren inguruan galdetuta, bozeramaile independentistak erantzun du bere horretan iraungo duela gutxienez azaroaren 9a arte, eta "gertatzen denaren arabera iraungiko" dela.