Politika -
Gernikako Estatutua
Quiroga: 'Estatutua da Euskadiko biztanle guztien bilgune bakarra'
Erabakitzeko eskubidearen eskaera erakundeen legitimitatearen kalterako da, Arantza Quiroga Euskadiko Alderdi Popularreko presidentearen arabera.
Erredakzioa
Euskadiko Alderdi Popularraren iritziz, Gernikako Estatutua da Euskadiko biztanle guztien bilgune bakarra. Are gehiago, Arantza Quiroga Euskadiko PPko presidentearen esanetan, Estatutua ez den beste edozein itunek erakundeen legitimitatea kaltetuko luke. Bestalde, "biktimismora jokatzeari" uzteko eskatu dio EAJri.
Gaur 35 urte Gernikako Estatutua onartu zen eta, urteurren hori ospatzeko eta Estatutua aldarrikatzeko, Euskadiko Alderdi Popularreko ehun bat ordezkari Gernikako juntetxean elkartu dira.
Quirogak adierazi duenez, PPk Autonomia Estatutua ospatu nahi du eta baita horren balioa azpimarratu ere, izan ere, "Estatutuari esker Euskadiko herritarrek inoizko garapen eta autogobernu mailarik gorenena eskuratu dute".
Hala, gaur egun Euskadik autogobernua badu, Gernikako Estatutuari eta "ezberdinen arteko adostasunari, itunari eta beti bete ez den leialtasunari" esker izan dela nabarmendu du.
"Zer itun, zer adostasun, zer bilgune formulak egiten du bat euskal aniztasunarekin? Inork ere ez. Estatutua Euskadi instituzionala da, benetakoa; Euskadi globala, XXI. mendekoa, aurrera egiten duena eta abertzalekeriari lotuta bizi ez dena, garai berriak onartzeko eta bereganatzeko gai ez diren politiko horietatik aldentzen dena", azaldu du.
Quirogak azaldu duenez, Euskadiko Alderdi Popularra Gernikako Estatutura "atxikitzen da", "herritarren batasuna", hori baita "garapenerako eta zabaltzerako plataforma".
Erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenak "ondorio sozialak" izango ditu eta gainera "erakundeen legitimitatea kaltetuko du", Euskadiko PPren arabera.