Politika -
Udal eta foru hauteskundeak
Josu Unanue eta Aitziber Ibaibarriaga, EH Bilduren hautagaiak Bizkaian
Bermeoko alkateordeak Bizkaiko ahaldun nagusia izateko aurkeztuko du bere burua, eta koalizioak Bilboko Udalean duen bozeramaleak, ordea, hiriburuko alkatetzarako.
Erredakzioa
Josu Unanue Bermeoko alkateordeak Bizkaiko ahaldun nagusia izateko hautagaitza aurkeztuko du eta Aitziber Ibaibarriaga koalizioak Bilbon duen bozeramaleak, ordea, hiriburu bizkaitarreko alkatetzarako.
EH Bilduren bi hautagai nagusien izenak Bilbon egindako ekitaldi batean jakinarazi dituzte, EHU-ko paraninfoan, Maribi Ugarteburu, Pello Urizar eta Oskar Matute, besteak beste, bertan zirela.
Azkenik, EH Bilduren bozeramalea Bilboko Udalean izango da alkategai eta Unanue, Hiesaren kontrako borrokako “historikoa”, Bizkaiko Diputazioaren buru izateko hautagai.
Egindako hitzaldian, Unanuek Jose Luis Bilbaoren adierazpenak kritikatu ditu. Bilbaok esan zuen “ordainketak esku dirutan egin dituztenak, horren jatorriaren berri eman gabe, eta dirutza handiak paradisu fiskaletan zituztenak lasai” egon daitezkeela “ez dutelako haien memoriak idatziko”; Unanuek “omertaren politikaren” baitan kokatu du.
Ibaibarriagak, bestalde, esan duenez, hauteskundeetan “egoerak eskatutako maila” emango du, “anbizioz”, eta penagarritzat jo du “euskal eskuinak bere neurrira eraikitako hiri eredu neoliberal eta zaharkitua”.
“Eredu horrek enpresa handiei, etxegintza sektoreko enpresei eta zenbait erlijiori mesede egiten die, baina, halere, laguntza sozialen leihatila ixten du dirurik ez dagoelako”, gaineratu du.