Politika -
Auzitegi Nazionala
Barcenasekin lotutako beste kontu bat atzeman dute Bermudan
Bestalde, Ogasunak 1,7 milioi eurora igo du PPk Genovako egoitzaren lanetan, Madrilen, erabili zuen diru beltzaren kopurua.
Erredakzioa
Pablo Ruz Gürtel auzia eramaten ari den epaileak Butterfield Trust Limited bankuaren kontu bat blokeatzeko eskatu die Bermudako agintariei, Luis Barcenas PPren diruzain ohiarekin lotuta egon litekeelakoan. Suitzak igorritako dokumentazioari esker atzeman omen dute kontua.
Auzitegi Nazionaleko epaileak gaur kaleratu duen autoaren arabera, Suitzak Barcenasi, Rosalia Iglesias emazteari, Ivan Yañez Barcenasen ahaldunari, Francisco Yañez horren aitari, eta beste enpresa batzuei buruz bidalitako azken informazioari esker aurkitu dute kontua paradisu fiskalean.
Izan ere, Francisco Yañezen izenean Suitzako Lombard Odier bankuan zegoen "Obispado" izeneko kontu horren haritik tiraka lortu omen dute Bermudaraino iristea.
Epaileak azpimarratu du Suitzako agintariek emandako informazioarekin arrasto garrantzitsuak jarraitu ahal izango dituztela, auzipetuen ardurak zehazteko.
1,7 milioi diru beltzean, Genovan
Bestalde, Ogasunak 1,7 milioi eurora igo du PPk Genovako egoitzako lanetan, Madrilen, erabili zuen diru beltzaren kopurua. Lehen uste zuten kopuruari beste 750.000 euro gehitu dizkiote.