Politika -
Pujol auzia
Pujol sendia: Nor da nor eta zer egozten diete?
Epaileek Jordi Pujolen hiru seme inputatu dituzte, eta familiako beste lau kide ere ikertzen ari dira.
Erredakzioa
Justiziak hainbat ikerketa abiatu ditu Jordi Pujol Kataluniako Gobernuko presidente ohiaren sendiko zazpi kideren kontra, ustelkeria delituak egotzita, eta horietako hiru inputatu ditu, Pujolen hiru seme, hain zuzen ere: Oriol, Jordi eta Oleguer.
Bost epailek jarri dute kolokan Pujol sendia: Bartzelonako bi, Auzitegi Nazionaleko beste bi eta Liechtensteingo bat. Egotzitako delituak askotarikoak dira: dirua zuritzea, iruzur fiskala, funtzionario-eroskeria, influentzia-trafikoa…
- (1930): Zita Hernandez Bartzelonako 31. zenbakiko Instrukzio Epaitegiko epaileak ikerketa abiatu du Kataluniako Gobernuko presidentearen eta Marta Ferrusola emaztearen aurka, Manos Limpias sindikatuak aurkeztutako kereila bat onartu eta gero.
Udan, 30 urtez atzerrian dirutza ezkutatu izan duela aitortu zuen Pujolek, eta diru hori aitak oinordetzan eman ziola esan zuen.
Halaber, Liechtensteingo epaile batek ere ikerketa hasi du Jordi Pujolen aurka, dirua zuritzea egotzita. Prozedura horren baitan, epailea Interpoli zuzendu zaio, Bartzelonako epaitegiari president ohiaren aurrekariak eska diezazkion.
- (1958): Pujol-Ferrusola senar-emazteen seme zaharrena eta Merce Girones emazte ohia inputatu egin ditu Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak. Izan ere, hainbat enpresari legez kanpoko komisioak kobratzea egotzi die, kontratu publikoak esleitzearen truke.
Epaileak dirua zuritzea eta iruzur fiskala egozten die, eta, azaroaren 12an, senar-emazteen 11 ustezko kolaboratzaile galdekatuko ditu; Ramon Girones eta Merce Riera (Jordi Pujol Ferrusolaren aitaginarreba eta amaginarreba), besteak beste.
Epailaren arabera, Jordi Pujol Ferrusolak 2,4 milioi euro mugitu zituen Andorran zuen kontu korronte batetik Mexikora, Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu eta sei egunera. Irailaren 15ean, baina, atzerrian dirurik ez duela deklaratu zuen epailearen aurrean.
Pujol Ferrusolaren bikotekide ohi batek, Maria Victoria Alvarezek, ustelkeria kasuak salatu ondoren hasi zen ikerketa.
- (1966): Ibilgailuen azterketa teknikoen (IAT) esleipenen auzian inputatuta dago iazko martxotik. Epailearen ustez, Oriol Pujol bere "eragin politikoaz" baliatu zen hainbat enpresabururen alde egiteko, horien enpresen deslokalizazio prozesuan. Horren truke, enpresa horiek Oriol Pujolen emaztearen (Anna Vidal) enpresaren zerbitzuen kontratazio simulatua egiten zuten. Horren emaztea ere inputatu dute.
Horrela, Anna Vidalen enpresak (Alta Partners) gutxienez 699.752 euro lortu zituen zazpi urtean, Sharp, Yamaha eta Sony konpainien deslokalizazio prozesuetan laguntzeagatik.
CDCko idazkari nagusi eta CiUko diputatu zen Oriol Pujol, baina utzi egin ditu karguak.
- (1972): Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak dirua zuritzea eta Ogasunaren aurkako delituak egotzi dizkio, higiezinen sektorean egindako zazpi operazio direla eta. Adibidez, Oleguer Pujolek Kanariar uharteetako hotel bat erosi zuen, 8 milioi euroren truke, paradisu fiskal batean zituen funtsekin.
Santander bankuko 1.152 bulego eta Bankiaren eraikin bat erosteko erabilitako dirua ere ikertzen ari dira.
- Josep Pujol (1963): Paradisu fiskaletan dirua duela eta amnistia fiskalarekin 2 milioi euro erregularizatu dituela aitortu du.
EuroPraxis Consulting Holding konpainiaren fundatzaile eta kontseilari izan zen. Konpainia horrek hainbat kontratu sinatu zituen Generalitatearekin. Josepen beste konpainia bat, Tourism and Leisure, ikertu egin zuen Bartzelonako epaile batek 2002. urtean, Gobernuarentzat hainbat ikerketa egin zituelako.
- Pere Pujol (1965): Kataluniako Gobernuarekin hainbat kontratu sinatu zituen Entorn enpresan egin zuen lan. Dirutza du Andorran.
- Marta Pujol (1959): Generalitatearekin 120 milioi euroko kontratuak sinatu zituen, eta PSCk auzia Parlamentura eraman zuen 1999. urtean. Andorran dirutza zuen, eta 22.000 euro eskudirutan atera zituen, dirutza hori erregularizatu baino lehen.
- Mireia Pujol (1969): 157.000 euro eskudirutan atera zituen Andorratik, bertan zuen dirua erregularizatu baino lehen.