Politika -
Elkarrizketa, Euskadi Irratian
Murrizketa sozialik egingo ez duela 'bermatu' dio Urkulluk EH Bilduri
Bestalde, akordioak lortzeko denbora "agortu" egiten ari dela ohartarazi dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari.
D.P. / I.G. | eitb.eus
Iñigo Urkullu lehendakariak hurrengo urteko Aurrekontuetan murrizketa sozialik egingo ez duela "bermatu" dio EH Bilduri. Horrenbestez, koalizio abertzaleak Aurrekontuak babesteko jarritako baldintza hori bada, akordioa lortzeko "arazorik" izango ez dutela iritzi dio.
"EH Bilduk bere burua eskaini du Aurrekontuak onartzeko, baldintza batekin: murrizketa sozialik ez egitea; guk bermatu egiten diegu hori EH Bilduri eta gainerako alderdiei ere, eta Aurrekontu hauek gizarte politikak izango dituztela oinarri. Gizarte politika bada baldintza, argi esan behar dut eutsi egingo diegula gizarte politikei", adierazi du Urkulluk, "Faktoria" Euskadi Irratiko saioan egindako elkarrizketa batean.
Nolanahi ere, lehendakaria zuhur agertu da, koalizio abertzaleak "baldintza gehiago" jarriko dituela uste baitu.
Urkulluren esanetan, Aurrekontuen negoziazioan PSE-EEk izango du "lehentasuna", alderdi horrekin egonkortasun ituna sinatuta dutelako, baina Jaurlaritza gainerako alderdiekin ere akordioak lortzeko "irekita" dagoela aurreratu du.
"Denbora agortzen ari da"
Bestalde, Urkulluk abenduaren 31a arteko epea jarri dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari hainbat alorretan akordioak lortzeko, eta kupoa, eskuduntzen transferentzia, Forondako aireportua eta Abiadura Handiko Trena aipatu ditu horren adibide.
Urkulluk denbora "agortzen" ari dela ohartarazi dio Rajoyri, eta, 2015. urtean, foru eta udal hauteskundeak ez ezik, Espainiako hauteskunde orokorrak ere egingo dituztela gogorarazi du.
"Rajoy eta biok ondo konpontzen garela esaten dute hedabideetan, baina niri ere ari zait denbora agortzen", gaineratu du.
PPren egoitzaren kasua
Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak PPri Bizkaiko egoitza diru beltzarekin ordaindu izana egotzi diola eta, lehendakariak auzia "susmagarria" dela esan du.
"Ulertzen dut PPk esandakoa, baina urtebeteren bueltan epaileak kontu horrekin jarraitzeak susmagarri egiten du dena", agertu du lehendakariak.
Horren ildotik, udan PPk EAJren batzokien finantziazioa "inolako daturik izan gabe" zalantzan jarri zuela gogorarazi dio Arantza Quiroga EAEko popularren presidenteari.