Politika -
Kontsulta
ERCk bat egin du Masekin, A9-ko galdeketa arrakastatsua izan dadin
Hala ere, beharrezko ikusten du bozak deitzea, Kataluniaren independentzia lortzeko "agindu demokratikoa" jasotze aldera.
Erredakzioa
Oriol Junqueras ERCren buruzagiak Artur Mas presidenteak azaroaren 9rako proposatu duen galdeketa babestu du, baina argi adierazi du horren ondoren "behar-beharrezkoa" izango dela hauteskundeak "ahal bezain laster" deitzea.
Generalitatearen Jauregian Masekin ordubetez bildu ostean, Junquerasek esan du azaroaren 9ko parte hartze prozesuaz hitz egin dutela, baina ez dutela plebiszitu hauteskundeetarako zerrenda bateratuaz negoziaziorik abiatu.
Junquerasek berretsi du indar guztia jarriko dutela azaroaren 9ra begira, "oso garrantzitsua" delako arrakastatsua izatea, nahiz eta beharrezkoa ikusi horren ondoren bozak deitzea, Kataluniaren independentzia lortzeko "agindu demokratikoa" jasotze aldera.
Hori horrela, Junquerasek bat egin du Masekin, gutxienez azaroaren 9a arte, eta zalantzan geratuko da hortik aurrera presidentea babesten jarraituko ote duen, horrek denbora gutxian hauteskundeak deitzen ez baditu; izan ere, konfiantza hartutako konpromisoak bete ahala lortzen dela azpimarratu du.
"Azaroaren 9arekiko konpromisoa agerian geratuko da, eta gutxiago hitz egin eta lan gehiago egin behar dugu. Horregatik, lehenengo helburua azaroaren 9ko prozesua arrakastatsua izatea da, eta gero konfiantza (CiUrekin eta beste alderdi batzuekin) sortzen joango da, nahitaezkoak diren hauteskundeekin eta, bereziki, Kataluniaren independentziaren eraikuntzarekin", gaineratu du.
Horren harira, independentzia berehala lortzearen garrantzia aldarrikatu du Junquerasek, Kataluniak "ezin baitu denborarik galdu, Estatuaren tresnak" behar dituelako.
ERCren buruzagiak, hala ere, ez omen du Masekin plebiszitu hauteskunde horietan independentziari buruzko erreferenduma antolatzeaz hitz egin, eta horixe zen, hain zuzen ere, Masek jarri zuen baldintza hauteskundeak aurreratu eta hautagaitza bateratua aurkezteko.