Politika -
Bake prozesua
Jaurlaritza eta Ipar Irlanda elkarlanean, bizikidetza proiektuetan
Proiektu bateratuak prestatzen ari dira bakegintza alorrean, biktimetan eta hezkuntzan arreta berezia jarriz. Europar Batasunaren 'Peace Programme' ekimenaren baitan egin nahi dituzte urratsak.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak aitortu du Euskal Herriko eta Ipar Irlandako errealitateak "oso desberdinak" direla, baina elkarrekin lan egin dezaketela esperientziak trukatzen bakea eta elkarbizitza egonkortzeko, "batere erraza ez den" lan horretarako.
Urkullu eta Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariak bilera egin dute bakegintzan adituak diren Ipar Irlandako ordezkari batzuekin, Lehendakaritzan.
Bilera horretan izan dira, era berean, Europar Batasuneko Egitasmo Berezien Kudeaketarako Erakundeko kideak ere, eta Euskal Herriak eta Ipar Irlandak bake eta bizikidetzan egin dezaketen elkarlanerako bideak aztertu dituzte. Litekeena da neurri horiek Europar Batasunaren 'Peace Programme' egitasmoan bideratzea, gatazkak konpontzeko eta elkarbizitza sustatzeko ekimenetarako finantziazioa eskaintzen baitu.
Jaurlaritzaren buruak gogora ekarri duenez, atzo hiru urte bete ziren ETAk jarduera armatua uztea erabaki zuenetik, eta horrek "aukera historikoa" ireki du, aprobetxatu beharrekoa.
Hori horrela, eta Jaurlaritzaren lehenengo helburua krisia gainditzea eta enplegua sortzea bada ere, lehentasunen artean kokatu ditu bakea egonkortzea, elkarbizitza, eta estatus politiko bat "adostea".
Lehendakariak aitortu du bake eta elkarbizitzarena ez dela lan "erraza", baina urratsak egiteko moduan ikusten da. Horretarako, bere "iparra" eta "erreferentzia" EBko erakundeek sustatutako politiketan omen dago, baita presoen eta biktimen kasuan ere.
Urkulluk azaldu duenez, Jaurlaritzak eta Ipar Irlandako adituek elkarlanean aritzeko asmoa dute, eta proiektua 'Peace Programme'ren baitan kokatu nahi dute. "Esperientziak trukatu nahi ditugu", adierazi du, Euskal Herrira etorri diren Ipar Irlandako ordezkariei erreferentzia eginez.
Lehendakariak azpimarratu du bi kasuetan bakea eta elkarbizitza Europa eta garai berean eraiki nahi dituztela. Horregatik, elkarlanak "fruituak" emango dituela espero du.
Pat Colgan Europar Batasuneko Egitasmo Berezien Kudeaketarako Erakundeko zuzendariak "ilusioa" agertu du gaurko lehen hartu-emana dela eta.