Politika -

Auzitegi Nazionala

Angel Acebes inputatu dute PPren ustezko 'B kutxa'ren auziaren baitan

Pablo Ruz epailearen ustez, baliteke ministro ohiak arduraren bat edukitzea 'B' diruarekin Libertad Digitalen akzioen erosketan.

Angel Acebes Espainiako Barne ministro ohia. Argazkia: Efe
Angel Acebes Espainiako Barne ministro ohia.
Epailearen ustez diru beltzarekin akzioak erosi zituen Acebesek

1:34

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak Angel Acebes Espainiako Barne ministro ohia inputatu du PPren 'B kutxa'ren ikerketaren baitan, eta datorren astearterako deitu du deklaratzera, aipatu ezkutuko diru horrekin Libertad Digitalen akzioak erostea baimendu ote zuen argitzeko.

Egun horretan bertan, epaileak Alvaro Lapuerta PPren diruzain ohiari eta Antonio Vilelari (Rubau eraikuntza enpresakoa) hartuko die deklarazioa, eta Alberto Recartek (Libertad Digitalen presidente ohia), Alberto Dorregok eta Borja Garciak (akziodunak) lekuko gisa deklaratuko dute.

Gaur kaleratutako autoaren bitartez, akzioen erosketa horretan ustez izan duen ardura argitu nahi du epaileak, ea ba ote zuen operazioaren berri edo baimena eman zuen.

Inputatzeko, estatutuek PPren idazkari nagusiari ematen dizkion funtzioak hartu ditu aintzat.

Barcenasek esandakoaren arabera, 2004ko urrian, "Libertad Digitalen kapitala handitzeko prozesua amaitzear zegoenean", Lapuertak "Angel Acebesekin hitz egin omen zuen, akzio horiek hirugarren batzuei helarazteko, konfiantzazko akziodunen eskutik".

Polizia Barcenasek 2004tik 2005era eskuz idatzitako paperetan oinarritu da ikerketa abiatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barcenas auzia