Politika -

Hitzarmena

'Etorkizunean ere, erabilgarria izango da PSErekin adostutakoa'

Erkorekak salatu duenez, "gaur-gaurkoz" Estatuak ez du Ertzaintzaren Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) aurka jarritako helegitea kendu oraindik.

PSErekin akordioa 'baliagarria' izaten jarraitzea espero du Erkorekak

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

“Gaur-gaurkoz” Estatuko Abokatutzak ez du oraindik Ertzaintzaren Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) aurka jarritako helegitea kendu, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez. Hori dela eta, Urkulluren gobernuak eskaera horren aurkako alegazioak aurkeztu ditu jada.

Gobernu-bileraren ondorengo agerraldian, Erkoreka Ertzaintzaren lan-eskaintzari buruz mintzatu da. Senatuko EAJk akordioa lortu zuen Espainiako Gobernuarekin iragan astean, eta Exekutiboak helegitea kentzeko konpromisoari heldu zion.

Erkorekaren esanetan, akordioa EAJk sinatu zuen, ez Jaurlaritzak; hortaz, ez dagokio Jaurlaritzari akordioaren nondik norakoak azaltzea. “Hala ere, gaur-gaurkoz ez dute oraindik akordioa bete”, gaineratu du.   EAJ-PSE hitzarmena

Bestalde, iaz PSE-EErekin sinatutako akordioa etorkizunean ere “erabilgarria” izango dela adierazi du Erkorekak. Eusko Jaurlaritzak hitzarmena betetzeko konpromisoari eutsiko diola eta adostasun horretan “inor soberan ez” dagoela nabarmendu du. Datorren urteko Aurrekontuen inguruan akordioa lortzeko ez dute “inor baztertuko”, Erkorekaren hitzetan.

PSE-EErekin egindako bileren ondoren, iaz sinatu zuten akordioaren puntu gehienak “bete egin dira” edota “etorkizunean betetzeko oinarria jarrita dute”, azaldu du Erkorekak.

Hala ere, zenbait puntutan “atzerapenak” izan direla onartu du, eta etorkizunean Jaurlaritza “sakon” arituko da horiek bete ahal izateko, erantsi du. Hortaz, hitzarmena “erabilgarria” izan dela eta etorkizunean ere “izango dela” azpimarratu du Erkorekak.

Datorren asteartean 2015eko Aurrekontuen egitasmoa onartuko du Jaurlaritzak, eta, horren inguruan adostasuna lortzeko, alderdi guztiekin bilduko direla nabarmendu du Erkorekak.

Bilera sorta

Urkulluk gainerako alderdi politikoekin egin duen bilera sortari buruz, “kohesio sozialaren alorrean” bereziki, “akordiorako oinarriak” finkatu dituztela esan du Erkorekak.

Egonkortasun instituzionala bermatzeko ere “prest” ikusi ditu alderdi politikoak. “Gure lehentasuna ekonomia berraktibatu eta enplegua sortzeko aukerak aprobetxatzea izan behar da, eta, alderdi politikoek ere, hala ulertu dute”.

Bakerako lantaldea

Bestalde, Eusko Legebiltzarreko Bakerako eta Elkarbizitzareko Lantaldea “suspertzeko” adostasun berriak bilatu nahi ditu Jaurlaritzak. “Bakea bermatzeko ahalegin berri bat egin behar dugu, ETAren erabakia atzeraezina denean”.

Ezker abertzaleak ere norabide horretan “aurrerapausoak” emateko konpromisoa hartu zuela gogoratu du Erkorekak, eta, horregatik, Jaurlaritzaren balorazioa “positiboa” dela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza